Bilduren gobernuak "alferrik galdutako denbora" berreskuratu nahi du Jose Migel Santamariaren hautagaitzak, eta geratuta dauden proiektuak berrekin.
Barrenan aurkeztu du programa Jose Migel Santamaria EAJren alkategaiak, zerrendakideekin batera. / Maialen Igartua
Zerrendakideekin batera aurkeztu du Jose Migel Santamaria EAJren Ordiziarako alkategaiak alderdiaren programa. Ordiziak “aldaketa” behar duela nabarmendu du, eta Bilduren gobernuak “alferrik galdutako denbora” berreskuratzeko gogor lan egingo dutela agindu du. Ordizia Elkarrekin egitasmoaren barruan herriko hainbat eragilerekin bildu dira programa osatzeko, eta bihar hasiko dira herritarren artean banatzen.
Programak hiru lehentasun dituela esan du Santamariak: gizarte zerbitzuak bermatzea, azpiegiturak sustatzea eta enplegua sortzea. Programa “konprometitua” dela adierazi du, eta anbizioduna: “gure proiektua ez dago lau urterako pentsatua, epe luzeago baterako baizik, baina gure helburuak betetzeko berehala lanean hasi beharra daukagu”.
Bestalde, egun geratuta dauden hainbat proiektu “estrategikori” berriro helduko dietela esan du. San Bartolome auzoan trena desbideratzea da berrekin nahi duten proiektuetako bat. “2010 EAJk 1,4 milioi euroko aurrekontua lortu zuen proiektu horretarako, baina Bilduk ez du ezer egin eta orain berriro lan egin beharko dugu finantzazioa lortzeko”, esan du Santamariak.
Zabor bilketaren inguruko galdeketa
Azpiegiturekin jarraituz, Majori kiroldegia berritzea eta zerbitzua kafe antzoki batekin osatzea proposatu dute. Horrez gain, Altamira eta Txindoki auzoetan berrikuntzak egiteko asmoa iragarri dute. Industriagunea eta Goierri Berrikuntza Gunea bultzatzeko konpromisoa hartu dute.
Herritarren parte hartzeari ere garrantzia eman dio Santamariak, eta atez ateko zabor bilketa sistema kentzeko galdeketa egingo dutela agindu du. Beste hainbat proposamen ere jasotzen ditu programak, besteak beste, merkataritza indartzea, irisgarritasun plana osatzea eta alokairu soziala sustatzea.