Herri ertainetan giltza-rolari eustea eta Zumarragako alkatetza dira, besteak beste, sozialistek hauteskundeetan Goierrin dituzten erronkak.
Alderdi sozialistak udal hauteskundeetara aurkezten duen argazkiak lau irudi ezberdin erakusten ditu Goierrin. Herri txikienetan ez du hautagaitzarik aurkeztu. Herri ertainetan hautagaitzak bai, baina 2011ko hauteskundeetan jasotako boto kopuruari erreparatuta, zaila izango du jarlekuren bat lortzea. Herri handietan, Zumarraga salbu, jarleku bat edo bi izan ditu agintaldi honetan eta, eutsiz gero, EH Bilduren eta EAJren arteko indar banaketan giltza izan daiteke. Azkenik, Zumarragako irudia dago, agintean egon da azken hamabi urteotan eta alkatetzagatik lehiatuko da oraingoan ere.
Argazki bakoitza aztertu aurretik, PSE-EEren herri programen ardatzak zeintzuk diren galdetuta, lau lerro nabarmendu dituzte: garapen ekonomikoa eta enplegua sustatzea, politika sozialei bultzada ematea, garapen jasangarriaren ildoan bosgarren edukiontziaren alde egitea eta herritarren parte hartzea lantzea. Zerrendagai baten hitzetan, «ezinbestekoa da gizartea kohesionatzea eta berreraikitzea, ezin dugu ezberdintasuna sortuko duten arrakala gehiago onartu».
PSE-EEk Arama, Altzaga, Gaintza, Mutiloa eta Zerainen ez du hautagaitzarik aurkeztu. Ataunen, Ezkio-Itsason, Gabirian, Idiazabalen, Itsasondon, Legorretan, Olaberrian, Ormaiztegin, Seguran, Zaldibian eta Zegaman hautagai zerrenda bana prestatu duten arren, 2011ko udal hauteskundeetan jarleku bakar bat ere ez zuten lortu eta jasotako boto kopurua oso txikia izan zen. Gabirian boto bat ere ez eta Olaberrian 23; beste herri guztiak tarte horretan egon ziren. Hala ere, zerrendak aurkezteari eutsi diote Goierriko herri horietan guztietan.
Izan ere, foru hauteskundeetako lehia ere egon badago igandean, eta, atzo bertan Gizakerrek kaleratutako inkestaren emaitzaren arabera, PSE-EEk behera egingo luke batzar orokorretan. Inkestak batzuk sukaldatuak diren arren eta beste batzuk kale egiten dakiten arren, herriz herri boto bakoitza ezinbestekoa izango dute sozialistek eta beste alderdiek ere.
Giltza eta Irabazi
Hirugarren irudian herri handiagoak agertzen dira: Beasain, Ordizia, Lazkao, Legazpi eta Urretxu. Herriotan ehunka boto jaso zituzten 2011n eta jarleku bakarra zein bi izan dituzte zinegotzi sozialistek. Baliteke boto kopuruari eustea, baina ikusteko dago Irabaziren zein Ahal Duguren (Ordizian) efektuak ukituko dituen eta nola. Hala dio zerrendagai sozialista batek: «Niretzat alderdi horietara doazen bozak boto galduak izango dira. Guk, sozialistok, gure alde eskarmentua daukagu, hala herrietan nola Gipuzkoako Foru Aldundian. Urteak dira lantegietan zein osasun arloan ongizate estatuaren eraikuntzan lanean ari garela. Gu langile horien guztien memoria gara, geu gara langile horiek ere, eta hori ezin da ahaztu».
PSE-EEk orain artean udalbatza horietan guztietan izan duen rolari erreparatuz gero, udal gobernu batean baino gehiagotan erabakiak hartzeko giltza izan da. EH Bilduren eta EAJren arteko indar banaketan, PSE-EEk eta Hamaikabatek ere izan dute behin baino gehiagotan azken hitza.
Hauteskunde ondorenean PSE-EEren rola hitzarmenen doinuetatik ere azter daiteke. Alderdi batek ere, ez EAJk ezta PSE-EEk ere, euren arteko hitzarmen zehatzen berri eman ez badu ere, ez behintzat ofizialki, baliteke aurrez zehaztutako ildo komunen bat egotea. Edonola ere, hauteskunde egunaren biharamunean ikusiko da ea PSE-EEk EAJri gobernuak osa ditzan laguntzen dion ala ez. Izan ere, EAJren eta EH Bilduren arteko berdinketa teknikoa iragartzen ari dira aldundian eta baliteke hala gertatzea herri baten baino gehiagotan ere. Edonola ere, emaitzak ikusi beharko dira lehenengo.
Zumarragako argazkia
Alderantziz ere gerta daiteke. Alegia, EAJko zinegotziek PSE-EE babestea udal gobernuak osatu ditzaten. Goierrin herri batean baino ezin da egoera hori sortu. Hain zuzen, Zumarragan. PSE-EEk gehiengo osoa lortzen ez badu, gutxiengoan agintzea erabakita ere, unean uneko babesak bilatu beharko ditu eta babes hori azken agintaldian PPk eman badio ere, aurrerantzean nork emango dion ikusteko dago. Zumarraga Goierriko laugarren irudia da.
Zumarragak azpimarra lodia du Gipuzkoako PSE-EEren mapan. Eibarrekin eta Irunekin batera alkatetzak eurenak dira bertan, areago, azken hauteskundeetan sozialistek Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan izan duten boto gainbeheraren testuinguruan, hiru herriok sozialisten gotorleku dira.
Dena dela, Mikel Serrano buru duen zerrendak Zumarragan boto gehien lortuko dituela aurreikusi badaiteke ere, —hala ez balitz ezustekoa handia litzateke, 2011n botoen %40 lortu zuen— badago Zumarragan aldaketa nabarmen bat. Jaitsi egin da bizilagun kopurua. Orain 10.000 zumarragar baino gutxiago dago eta zinegotzi kopurua hamazazpitik hamahirura pasako da. Kopuru aldaketak indar banaketa mudatu dezake udalbatzan eta sozialistek gehiengoa lortuta ere, gehiengo hori zenbatekoa den eta noren babesak eskatuko dituen ikustea interesgarria izango da.
PSE-EEk, horrenbestez, rol ezberdinak ditu Goierrin. Herri ertainetan biltzen dituen boto bakoitza gehitu. Herri handietan botoak batu, eta udalbatzetan beren giltza-rola jokatu. Zumarragan gehiengoaren bila joan. Oro har, ez dira sozialistentzat betiko garairik onenak. Indar berrien sarrerak ematen dien minaren neurgailu izango dira igandeko hauteskundeak.