Ezkio-Itsason zerrenda bakarra osatu dute, banaketa bideratzeko
Ezkiotarrek eta itsasoarrek elkarrekin osatu dute EIK Ezkio-Itsasokoak taldea. Bi herrien arteko «banaketa prozesua martxan» badago ere, ahalegin berezia egin dute zerrenda bakarra osatzeko; «udalerri bakarra den bitartean, elkartasunez lan egiteko konpromisoa» hartu dute. Hala, banaketa prozesu horren pausoak «ahalik eta baldintza onenetan» ematea nahi dute.
Garikoitz Aiesta alkategaiak azaldu duenez, hartuko duten lehen neurria «desanexioaren espedientea plenoan onartu eta foru aldundira» bidaltzea izango da. Banaketa onartuz gero, Itsasoko zinegotziek dimisioa emango lukete; alkateak ordea, legealdia bukatu arte jarrituko luke. Behin banaketa espediente hori onartuz gero, Itsasoko zinegotziek dimisioa emango lukete, Itsasoko udalaren osaketan «burubelarri lanean» hasteko. Salbuespen bakarra alkatearena izango da, itsasoarra izan arren, legealdia bukatzeko konpromisoa hartu baitu.
Banatze irizpideak adosteko bi herrietako bizilagunek parte hartuko duten batzorde bat ere sortu dute. Berez udalaz gaindiko batzordea dela azaldu du Aiestak: «ezkioarrak alde batetik eta itsasoarrak beste batetik, mahai batean elkartu dira,eta udala bera dago mahai horren arbitro moduan, hor hitz egiten denaren aktak jasoaz». Mahai hori «funtsezkoa» dela uste dute, eta udalak «ahalegina egingo du banatze irizpide horiek ahalik eta adostuenak» izateko.
Proiektu gehiago
Desanexioarena datorren legealdiko «gai izarra» izango bada ere, hori iritsi bitartean, eguneroko beharrei erantzuteko lanean segiko dute. Hala, «hasita dauden proiektuei jarraipena» eman eta berriak landuko dira batzordeetan, «herritarrekin elkarlanean» aritu nahi baitute.
Proiektu horietako bat herri eskolaren obrak bukatu eta martxan jartzea izango da. Eskolaz gain, taberna jarriko dute bertan, denda ere izango duena. Eskolako umeei jaten emateaz gain, bi guneetako herritarren «topagune» izatea nahi dute. Ezkioko eta Itsasoko ostatuen berrikuntza lanak egin eta bi kaskoak indartuko dituzte, hirigintza proiektu orokorraren bidez. Bi ostatuetan berrikuntza lanak egiteko asmoa ere badute, eta Itsasokoa uda ondoren zabalduko dutela jakinarazi dute.
Abiadura Handiko Trenaren lanen ondorioz, «gure herriak izugarrizko anabasa» bizi duela ikusita, herritarrei sortzen zizkien eragozpenei irtenbidea emateko «burubelarri» aritu direla lanean azaldu du Aiestak. Eta aurrerantzean ere, «obrak bukatu artean, bai maila teknikoan eta bai politikoan, herritarren arazoak minimizatzen eta irtenbideak aurkitzen» saiatuko direla dio. Horretarako, Eusko Jaurlaritzarekin eta Espainiako Sustapen Ministerioarekin ere harremanetan jarraituko dute.
Hartuko duten beste neurri bat, alkatea jardun erdian liberatzea izan da, «Ezkio-Itsaso herri berezia izanik, dedikazio handia» eskatzen baitu. Herri bide publiko eta pribatuen inbentarioa ere egingo dute. Itsasotik Altzierrarako bidea egokitzea eta Santa Lutzi auzoaren «bulebarizazioa» dira beste proiektuetako batzuk. Zaborrak, kultura eta arlo soziala ere landuko dituzte.
Hori guztia egiteko «herritarren beharra» dutela eta maiatzaren 24an botoa ematera joateko deia egin diete herritarrei.