2011n alkatetzarik gabe gelditu zen alderdi jeltzalea. Udal gobernu seinalatuak atzera eskuratzeko politikari arituak jarri ditu aurrean.
Ohitu gabeko lekutik jardun behar izan du 2011-2015 agintaldian EAJk: oposiziotik. 2009an lehenbiziko aldiz Lehendakaritza galdu zuen Eusko Jaurlaritzan —2012an berreskuratzeko—, eta 2011n Gipuzkoako Foru Aldundia eta hainbat udal, tartean Goierriko hiru garrantzitsu: Beasain, Lazkao eta Ordizia. Zenbait adituk diote lau urteko legealdia jasan dezakeela alderdi batek agintetik kanpora; baina bi jada asko, gehiegi direla. Aurkari politikoari agintean egonkortzeko aukera ematen diolako.
Ildo horretan, EAJrentzat giltzarriak dira maiatzaren 24ko udal bozak Goierrin. Gobernu ardurarik ez dauka orain. Bailarako udal handientsuenak hartzeak, izan ere, loturik dakar beste erakunde eragile batzuetarako giltza: herri ekintzarako fundazioak, garapen agentziak eta horietatik irteten diren beste zerbitzu batzuk. EAJk, udalez gaindi, eskualde ikuspuntuko gune horietan ere jarri du begia. «Goierriko Herrien Ekintza fundazioa, 18 udal eta 40 enpresa partaide direla, eta Goieki garapen agentzia eta Sasieta mankomunitatea, udalen partaidetzarekin, bailararen garapanerako giltzarri dira. Elkarlanerako bilketa-gune publiko-pribatuak dira.
Bailarako gai gehintsuenetan ari dira, eta ondo, aspalditik», dio alderdi jeltzaleko agintari batek. Goierri «benetako bailara» dela dio EAJk. Goierritzat, behealdeko 18 udalerrien bilkurari egin dio erreferentzia. «Bailara-ikuspegi orokor batetik ari dira lanean erakundeok, herri txiki eta handi, denak gizarte mesederako lanean». Erakunde horien azterketa sakona behar dela gaineratu du, gaur egungo errealitateari «erantzun egokia» emateko. «Etorkizuna eraikitzen lagundu behar dute, bere ondorioak sufritu gabe». Garapen agentziek «bailararen kohesioa eta udalerrien garapena» bultzatu behar dute, EAJren iritziz. «Hainbat gaitan, ekimenerako. Mugikortasuna, landa eremua, gizarte eta kirol zerbitzuak denen eskura jarriz».
Ekonomia, lehentasuna
Udaletan berriz aginte makila hartzeko nahia lortzeko, gobernu onaren kodea lehenetsi du, filosofikoki: «Gardentasuna, eraginkortasuna eta herritarrenganako konfiantza». Goierriren oinarria, berriz, industrian kokatuta dauka EAJk, estrategikoki. Izatez, eskualdeko langileriaren %51k sektore horretan lan egiten du, 11.000 lagun inguruk. Lehentasun handiena ekonomia bultzatzea, enplegua sortzea eta bailara «biziberritzea» ditu. Sustapen ekonomikorako urtero plan bat onartu beharrekotzat jo du, eta enpresa txiki eta handien arteko harremanak sendotzekoa. Goierriko Herrien Ekintzatik, hezkuntza eskaintza «enpresen beharrei zuzenduak» izan behar duela gehitu du, Goierri Eskolan kasu. Udal programetan, bestetik, herriaren eraikuntzarako azpiegiturak eraikitzea izango da EAJk pisu handia eman dion ekinbidea.
Asko moteldu den sektoreari bultz egin nahi dio. Arlo desberdinetan aurreikusi dituzten ekintza askok eraikuntza-proiektuekin dute zerikusia. Kultur ekipamenduak eraiki nahi ditu (zinemak), gizarte-ongizateko zerbitzu gehiago atondu (eguneko zentroak, kasu), etxebizitza sozialak eraikuntza berriekin eskaini, industriguneak birgaitu edo sortu. Garraio eta komunikazio arloetan ere, azpiegiturak eraikitzea da bailarak aurrera egiteko oinarria eta «eredua».
Esperientzia luzeko kideak
Ohiko plazetan aurkeztu ditu EAJk 1979tik betiko sei hautagaitza: Goierriko sei herri hazienetan. Beste hirurak berriak dira, bai azken hamarkadan behintzat. Itsasondon 2003an aurkeztu zen orain hurrena alderdiaren izenean (1983an irabazle eta 1979an hirugarren indarra ere izan zen). Seguran 1979tik aldiro aurkeztu izan da, baina 2007an eta 2011n ez, herri plataformak tokia hartuta. Eta Legorretan 1979tik beti izan da, azkenekoetan izan ezik. Hautagaiei dagokienez, balore ezagunei eta kudeaketa politikoan esperientziadunei heldu die alderdiak. Beasainen, Ordizian eta Zumarragan 2011ko alkategai bera doa zerrendaburu oraingoan ere. Lazkaon, 1999-2007 tartean alkate eta geroztik zinegotzi izan den Felix Urkola da buru. Itsasondorako, berriz, Ordiziako alkate (1999-2007) izan zen Alejandra Iturriotz aukeratu dute. Urretxuko alkategaia Gipuzkoan batzarkide (2003), foru aldundian zuzendari nagusi eta zinegotzi da.
Legorretako Izaskun Zubeldia zinegotzi izana da. Udaletik gidatu beharreko lanen muinean, lau printzipio txertatzeko asmoa du EAJk: elkarbizitza, gardentasuna, berdintasuna eta jasangarritasuna. Udaletako sail guztietan eta parte hartzen duten beste jarduera edo erakunde denetan aplikatuko dituela aurreratu du. Gizarte babeserako, berriz, «elkarlana» izango du tresna. Bailarako ekimen sozialarekin «estu» lan egingo du, gizarte-bazterketa eragozteko eta zaharte aktiboaren beharrei erantzuteko. «Udal txikiek dituzten arazoei arreta berezia eskaini eta elkarlana bultzatuko da».
Atez aterekin, galdeketa
Bukatzear den lau-urtekoan agenda politikoaren lehen lerroan egon den hondakinen gaia ez du itxitzat eman EAJk. «Inposatutako atez ateko bilketa» jarri den herrietan galdeketak egin nahi ditu. Gainontzeko herrien aipamenik ez du egin. Hala eta guztiz, irekitze-txipa duten edukiontzi bidezko bilketaren alde egin du. «Sasieta ixteko konpromisoa hartzen dugu, ez dugu Goierri herrialdeko zabortegi izatea nahi». Hondakinen kudeaketan, bide-orri izateko PIGRUG delakoa berraktibatu nahi du EAJk, «eguneratu eta horren ondoren ezarritako neurriak errespetatzeko konpromisoarekin».