«Beti egin den lan hori islatu nahi dugu gauden mundu modernoan»
Igartubeiti baserri-museoa baserrietako emakumeen ahozko ondarea biltzen hasi da. XX. mendearen lehen erdian jaio eta nekazaritza mundua eta herri txikietako bizimodua ezagutzen duten ...
Igartubeiti baserri-museoa baserrietako emakumeen ahozko ondarea biltzen hasi da. XX. mendearen lehen erdian jaio eta nekazaritza mundua eta herri txikietako bizimodua ezagutzen duten herritarrak elkarrizketatuko dituzte. Oroimen kolektiboa jasotzea da helburua, emakumeek kontatua eta baserri inguruan kokatua. Nerea Aizpurua Iraola adituak gidatuko du elkarrizketa fasea. Ateratzen den emaitza zabalduko dute, gero. Ezkio-Itsason hasi dira proiektua garatzen. Ondoren, Goierri garaiko beste herrietara hedatuko dute: Urretxura, Zumarragara eta Legazpira. Nahi dutenek parte har dezakete.
Ondare immaterialean aditua zara. Zer elementu edo kontzeptu sar daiteke ikerketa-esparru horretan?
Ondare ukiezina da. Arlo asko dauzka. Zer erakundetara joaten zaren, igual katalogazio ezberdinak daude. Ohiturak, memoriak, ahozko tradizio eta espresio guztiak, jaialdiak, eskulanak… Azkenean, ondarearen kontzeptuaren barruan ukiezina den guztia, esan dezakegu, sartzen dela ondare immaterialaren barruan.
Kasu honetan, emakumearengan eta landa eremuan zentratuko zarete.
Eta memorian. Egia da, azkenean, elkarrizketetan atera daitezkeela ohiturak, jaiak eta ospakizunak. Azkenean gai guztiak ateratzen dira horrelako elkarrizketetan eta proiektuetan.
Igartubeiti museoak baserriaren mundua du gai. Baina zerbait bereziagatik aukeratu duzue landa eremuaren esparrua?
Bi gai dira garrantzitsuenak, lehentasuna dutenak. Bat da emakumeen papera landa lanean, landako bizitzan, baserriaren inguruan zein den jasotzea. Emakumearen paper hori atera nahi dugu, mahai gainean jarri. Orokorrean, bestetik, landa lanaren ezaguerak, egiteko erak jaso nahi ditugu. Bizimodu hori zer zen.
Eta elkarrizketak emakumeei bakarrik egiteko erabakia, zer dela eta?
Azken batean, gizonezkoak beti aterako dira diskurtsoan, argi dago. Baina, egia da, emakumeen bisibilizazioaren nahia zegoela proiektuan. Gaur egun jada gutxiago, baina beti gizonezkoen ingurura begiratu izan du lan munduak. Orduan, emakumezkoaren papera jarri behar da mahai gainean, kontatzailea bera izan dadin. Eta ez beti familiaren inguruan; baizik eta familia eta lana, konbinazioa oso erraza ez den arren.
Gauden mundu moderno honetan, beti egin den lan hori islatu nahi dugu. Oso ondo egin da lan hori, gainera.
Ezkio-Itsason hasi duzue egitasmoa, eta gero beste herrietara (Zumarraga, Urretxu, Legazpi) zabalduko duzue. Baina han ere landa eremuko emakumeak izan behar dute, ezta?
Bai. Beti ere baserriko bizitza bizi izan dutenak edo ezagutu duten emakumeak elkarrizketatuko ditugu.
Non argitaratuko edo nola zabalduko duzue gero elkarrizketetatik ateratako emaitza?
Hedapenerako hainbat proiektu egingo dira. Momentu honetan ez ditugu erabaki. Baina asmoa da ez bakarrik betiko liburu, CD edo museoan txertatutako emaitzak izatea. Baizik eta, emakumeekin hainbat jarduera egin daitezke, belaunaldi ezberdinen arteko transmisioa bultzatzeko. Gero, beraien esku dago horretan parte hartu edo ez.