Jose Mujica arbasoen etxean, Astigarretan
Muxika baserrian izan da bere emaztearekin; 80 urte beteko ditu gaur. Ordubete eskaseko egonaldia egin du bertan. Italiara egingo du hurrengo bila, sustrai gehiagoren bilaJose Mujica, Uruguaiko presidente ohia Euskal Herrian dabil egunotan, Europara eg...

Muxika baserrian izan da bere emaztearekin; 80 urte beteko ditu gaur. Ordubete eskaseko egonaldia egin du bertan. Italiara egingo du hurrengo bila, sustrai gehiagoren bila
Jose Mujica, Uruguaiko presidente ohia Euskal Herrian dabil egunotan, Europara egiten ari den bidaian. Bere jatorriaren aztarnen bila dabil Mujica eta jatorri horietako bat, Goierrin, Beasainen, Astigarretan dago; Muxika baserrian zehazki esateko.
Orain arte Mujicaren sustraiak Bizkaiko Muxika herrian zeudela uste bazen ere, Eusko Ikaskuntzako Mikel Prietok La familia vasca de José Mujica Cordano. Siglos XVI-XIX liburuan egindako arbola genealogikoan garbi azaltzen da, Jose Mujicaren arbasoen jatorria Bizkaiko Muxikan egon beharrean, Beasainen, Astigarretan dagoela. Prietoren lana oinarri hartuta, Muxika baserria bisitatu nahi izan zuen atzo. «Bisita pribatua izan behar zuena publiko bihurtu da», esan zuen, bi komunikabidetako bi kazetarik eta argazkilariek une berezi hori lapurtu baitzieten.
Kanpoko euritik eta hotzetik babestuta, baserri barruan egin zuten ordubete eskaseko egonaldia. Bertan bizi diren Pedro Alustizarekin eta Maria Rosario Mujikarekin egon ziren Jose Mujica eta bere emaztea; baita Ixi Mujikarekin eta Agustin Urretabizkaiarekin ere. Maria Rosario Mujikak GOIERRIKO HITZAri adierazi dioenez, «gizon normala» da. Ixi Mujikak gaineratu duenez, «jatorra da eta gertukoa».
Bisita laburra izan zen, gero Donostian zuen hitzordua eta. «Etxea ikusten aritu ziren», adierazi zuen Mujikak.
Herenegun jakin zuten munduan ezaguna den Mujica etxera bisitan joango zitzaiela. «Presaka etorri da, gauza handirik ez du hartu», azpimarratu zuen Pedro Alustizak. Astigarretarrak gaineratu duenez, «lagunak, familiakoak bagina bezala aritu gara hizketan. Ondo konpondu gara. Konforme ibili gara».
Muxika baserrikoentzako ere ezustekoa izan zen Uruguaiko presidente ohiaren jatorria beraien etxean zegoela jakin zutenean. «Guk ere orain jakin dugu. Bizkaiko Muxikakoa zela esaten zuten eta guretzako sorpresa izan da», aitortu du Alustizak.
Jose Mujicaren birraitonak, Francisco Mujica Yereguik, 1842an zeharkatu zuen Atlantikoa, gerra karlisten ondorengo egoeratik ihesi. Donostiakoa zen Francisco; ogibidez gauzaina.
Uruguaira joan ziren. Aurretik, ordea, Catalina Chipiariano Esnaolarekin ezkondu zen Donostiako San Vicente elizan. Italiar eta euskal jatorrikoa zen Catalina. Aurretik bere osaba bat joana zen bertara, Fermin Yeregui. Hiru belaunaldi geroago jaio zen Jose Mujica, Pepe Mujica bezala ezagunagoa dena. Uruguaiko presidente ohiak adierazi izan duenez, bere aitonak, euskara gorde zuen.
Denboran atzera eginez, dena den, Uruguaiako mujikatar haien jatorria Astigarretaraino iristen da. 1734an Ygnacio Mujica Aizpuru ageri da; aurrekoa belaunaldian, berriz, Juan Mujica Arregi (1696).
80 urte emankor
80 urte bete bezperan arnastu zuen Mujicak bere arbasoen haizea. Opari polita eta ahaztezina izan zen Mujicarentzat. Dena den, Italiar jatorria ere badu Mujicak, eta datozen egunetan Italiara joango da sustraien bila.
Bizitza luze horretan Uruguairen aldeko borrokan aritu izan da. Alderdi Nazionaleko militantea izan zen Mujica gaztetan eta 1960ko hamarkadaren erdialdean Askapen Nazionalerako Mugimendua-Tupamaroak talde gerrillariaren sortzaileetako bat izan zen. Ondorioz, kartzelaldia ere ezagutu zuen: hamalau urtez preso egon zen. 1985eko amnistiaren ondorioz aske gelditu ondoren, Herri Parte-hartzearen Mugimendua eratu zuen. Fronte Zabalaren barnean sartu zen talde hori. 1995ean Uruguaiko legebiltzarkide aukeratu zuten eta 2005-2008 bitartean Abeltzaintza, Nekazaritza eta Arrantza ministroa izan zen. 2009an presidentetza hauteskundeak irabazi zituen eta 2010eko martxoaren 1ean kargua hartu zuen, aurtengo martxoaren 1era arte.