ETB katerako ‘Aitaren etxea’ telesaila grabatzen ari dira Legazpiko Chillida lantokian eta langileen etxean. Zortzi astez egingo dituzte grabaketak, eta irailean hasiko dira emititzen.
Soinu teknikariak, kamerak, trajez jantzitako gizonak… ezohiko itxura du egunotan Legazpiko industriaguneak. Handik gertu motozerrarekin lanean ari den baserritarrari ere apur batean geratzeko esan diote. Isiltasuna behar dute. Izan ere, ETB telebista katerako telesail bat grabatzen ari dira Chillida lantokian. Astelehenean hasi ziren, eta zortzi astez izango dira bertan.
Aitaren etxea du izena telesailak, eta 50eko urteetan girotuta dago. Zelaia eta Egaña familiak izango dira protagonistak, eta Egañaren fabrikan gertatzen direnak izango dira, hain zuzen, Legazpiko lantegian grabatuko dituztenak. Nagusiaren bulegoa, lantegia bera eta langileek bilerak egiteko erabiltzen duten gunea irudikatu dituzte grabaketak egiteko.
Telesaileko lantegiko nagusiaren bulegoa. / Maialen Igartua
Jauzi bat 50eko urteetara.
Grabaketek irauten duten bitartean, begiak itxi, eta Legazpiko lantegiak 60 urte atzera egin duela ematen du. Langile haserretuen oihuak entzuten dira Chillida lantokian, euren eskubideak defendatzeko beharraz bata besteari ohartaraziz. Gizon baten ahotsa ere entzuten da, emakumearena isilaraziz. Entseguetako oihuak dira, zorionez.
Begiak irekita, 50eko jantziekin bai, baina gaur egungo aktoreak ikusten dira Legazpin, esaterako, Anartz Zuazua eta Miren Gaztañaga. Jabi Elortegi telesaileko zuzendaria ere hara eta hona dabil grabaketak gainbegiratzen. «Interneten ikusi nuen Legazpin bazutela langileen ibilbidea, eta segituan jarri nintzen Lenburrekin harremanetan», adierazi du.
Izan ere, den dena dekoratu naturaletan grabatzea da Aitaren etxea telesailaren erronka. Eta zein leku aproposagorik Legazpiko langileen ibilbidea baino 50eko langileen bizimodua irudikatzeko. Lantokiaz gain, langileen etxea ere erabiliko dute grabaketetarako. Medikuaren etxea izango da.
Beñat Olea eta Aritz Cantero legazpiar figuratzaileak. / Maialen Igartua
Dekoratu egokiaz gain, garai hartako atrezzo aberatsa aurkitu du Elortegik Legazpin, Lenburrek material ugari baitu bilduta. 2001ean memoria historikoa berreskuratu zuten langile auzoetako legazpiarren testigantzak jasota, eta memoria historiko horretan oinarrituta sortu zuten langileen ibilbidea. Orain, pauso bat haratago joan, eta telesail baten dekoratu bihurtu da.
Aktore ezagunen artean, bi legazpiar ere badabiltza egunotako grabazioetan, figurante lanetan: Aritz Cantero eta Beñat Olea. Irailetik aurrera izango da telesailaz gozatzeko aukera. Hondarribian eta Zestoan (Gipuzkoa) grabatuko dituzte gainerako eszenak.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.