Garraio publikoaren eta Mugi txartelaren eredua defendatu dituzte Larraitz Ugarte diputatuak eta EH Bilduko hautetsiek, Renferen negoziatzeko borondate falta salatzearekin batera
Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek eta Goierriko EH Bilduko hainbat herritako hautetsik garraio publikoaren defentsa egin zuten atzo, Ordiziako geltokiaren aurrean. Hala,Mugi txartelarekin aldundiak «garraio publikoaren eta mugikortasun jasangarriaren aldeko apustu garbia» egin duela azaldu dute. Bestalde, Renfe tren konpainiaren jarrera salatu nahi izan dute, ez duelako sistema honetan sartzeko borondaterik agertu.
Iban Asenjo batzarkide eta Ordiziako mugikortasun arloko zinegotziak, «trenbideen arloko eskumena oraindik Espainiako ministerioaren esku dagoela, eta ez euskal erakundeen esku» salatu du, eta ministerioaren aldetik «oso zerbitzu eskasa» jasotzen dutela. Zentzu horretan, Ordizian adibide garbi bat dutela azaldu du, «irisgarritasun baldintza minimoak ere ez baitira betetzen; eta zoritxarrez, Ordiziako kasua ez da salbuespena».
Horrekin batera, trenbide eta mugikortasun arloko eskuduntzak euskal erakundeena izan beharko lukeela defendatu dute. «Euskal erakundeek kudeatutako garraio guztiak Mugi txartelean integratuta daude». Gainera, Mugi txartela «estatu mailan deskontuak eta interoperatibitatea eskaintzen dituen bakarra» dela azpimarratu du. Dagoeneko, Gipuzkoako 550.000 erabiltzailek dituzte Mugi eta Lurraldebus txartelak.
Larraitz Ugarte aldundiko Mugikortasuneko eta Foru azpiegituretako diputatuak ere, Mugi txartela legealdi honetako apustu nagusietako bat izan dela azaldu du, baina «hein batean hankamotz» gelditu zaiela, gipuzkoar askok erabiltzen duten Renferen zerbitzua ez delako Mugi programan sartu. Zentzu horretan «garbi dago Renfek erabakiak Madrilen hartzen dituela eta ez dituela kontuan hartu gipuzkoarren interesak».