Alderdiei errepasoa-EH Bildu: Duela lau urteko olatuaren indarra, EH Bilduren neurria
Goierriko udalen erdiak gobernatu ondoren, herritarren partaidetzan eta erabakimenean oinarritutako udalgintza-ereduarekin segiko du Bilduk.
Oriako hauteskunde barrutian inoiz alderdi batek izan duen boto kopuru handiena batu zuen Bilduk 2011ko udal hauteskundeetan —Goierri eremu horretan sartzen da, Tolosaldearekin—. Denera 27.278 boto jaso zituzten udal hautagaitzek, ordura arte EAJk 1983an jarritako 26.315 botoak gaindituz (portzentajean ez zuen hobetu: botoen %42,18 koalizioak duela lau urte, %43,69 alderdi jeltzaleak duela 32).
Goierriko mapa politikoa irauli zuen, 22 udaletatik 11ren alkatetzak hartuta, eta 204tik 80 zinegotzi bereak kokatuta. Ezker abertzalearen legez kanporatzeen arotik zetorren Bildu. Azken unera arte koloka egon zen, gainera. 2011ko maiatzaren 1ean Bilduren 254 hautagaitzak baliogabetu zituen Espainiako Auzitegi Gorenak. Maiatzaren 5etik 6rako gauerdia pasata —ofizialki kanpaina hasita zen—, Konstituzionalak legezkotzat aitortu zuen. Ilusioaren bozketa izan zen 2011ko maiatzaren 22koa, Bildurentzat. Ikararen itsasoa itsasikara bihurtu zen.
Orain, apar haren benetako irmotasuna neurtuko diote EH Bilduri bozek. Orain lau urte baino hautagaitza bat gehiagorekin aurkeztu da Goierrin: 16 herritan, guztira. Aldarrikatutako zerrendetatik ia laurdena (%22,85) bereak dira. Hiru erronka nagusi izango ditu EH Bilduk, igandean: 2011n hasitako «aldaketa» eta kudeaketa politiko «berria» gauzatzen segitzeko herritarrek konfiantza badiotela berretsi; udal kudeaketan erabat berriak ziren hautetsi eta talde haiek gobernari dohaiak badituztela erakutsi, berriz babesa jasota; eta alkatetzak lortzeko nahikoa indar —eta alde— atera hautesontzietan aurkariei, askotan gehiengo sinpleak ez diola balioko jakitun.
Indar metaketa, handituta
Aralar ere EH Bildu koaliziora batu da. 2011n aparte joan zen, bost herritan hautagaitzak aurkeztuta. Bi zinegotzi atera zituen Aralarrek, Beasainen eta Zegaman bana. Denera 1.114 boto lortu zituen, eta Bilduk 13.251 hamabost herritan. Alderdien indar metaketak efektu biderkatzailea eduki zuen, hautesleen babesa jasotzeko. Bat gehi bat ez dira beti bi, hala ere. Zerainen EH Bilduren izenean hautagaitza atera izanak —1979tik aurrera herrian bozen aurretik adostu ohi izan den zerrenda bakarretik aparte— desadostasuna eragin eta are haserrea ere piztu du han.
Bestetik, matematika soilek ez dute balioko erakunde askotan agintari segitzeko; udal handietan edota mankomunitateetan, aginte makila hartzeko edo ondoren gobernagarritasuna bermatzeko zailtasun handiagoak izan ditzake EH Bilduk, azken bozetan baino. PSEk EAJri egina dio elkarrekin tratua egiteko eskaintza, publikoki. Negoziazio politikoen eta akordio beharren legealdia izango da, zentzu horretan. Bien bitartean, hauteskundeetarako eskaintzan, gizarte gaiak jarri ditu koalizioak udalgintzaren abangoardian. Ongizate politikei eman diote arreta programetan, nabarmen: krisiak gehien erasandako biztanleen oinarrizko beharrak asetzea, langabezian dauden herritar batzuen egoera arintzeko aldi baterako udal lanpostuak eskaintzea, zerbitzu publikoak mantentzea, eta eskubide sozialak sendotzea.
Udal eskumenetik kanpo geratzen diren zerbitzuetan ere oinarrizko baldintzak ziurtatu nahi ditu EH Bilduk, «azken batean, udalen zeregina delako herritarren ongizatea mantentzea». Aurrekontuak «egokituz» segiko dute, hori lortzeko eta laguntzak bermatzeko.
Estrategikoak, herriarekin
Hauteskunde proposamenak egiterakoan, ildo nagusiak eman ditu gehien bat EH Bilduk. Jarduteko modua, filosofia edo bidea egiteko era zein izango den. «Ez gatoz herriarentzat gai estrategikoak direnak geure egitera», diote Beasainen. «Betebehar nagusia herritarrekin eta herritarrentzat aritzea izango da», gaineratu du Ordiziako alkategai Igor Egurenek. Erabakimenaren egitura herritarren parte-hartzearekin zedarritu dute.
Eta, hortik, aldian-aldian aurkeztu eta hitzartu hartu beharreko bideak. «Esparru guztietan herritarrak izan behar du erabakiaren jabe», ziurtatu du alderdiak. Kudeaketa politikoa gauzatzeko «beste modu bat» jarri dutela abian ziurtatu du EH Bilduk, joan direneko lau urteetan. «Aldaketa horretan sakontzeko konpromisoa hartu dugu», diote, hurrengo agintaldiari begira. Udalak hartu beharreko erabakietan herritarrak murgiltzea dute nahia. «Lau urteotan udaletatik herritarrekin eta eragileekin landu ditugun horiek berretsiko ditugu hurrengo agintaldian», dio Igor Egurenek. Hala, lehentasunak batzar horietan «markatuko» dituzte aurrerantzean ere.
Tresnatik emaitzetara
Joko-araua edo udal politikagintzan jarduteko tresna zehazten ahalegin gehiago egin du EH Bilduk kanpainan, proposamen zehatzen berri ematen baino. Izan ere, herritarrekin eta eragileekin parte-hartze prozesuetan landutakoak emango du, ondoren, fruitua. Tresna hori fintzeko lanketa bat egitea ere aurreikusi dute. «Herritarrei urrutiagoko iruditzen zaizkien gaietan ere parte har dezaten bultzatzeko lana egin behar da. Urteroko aurrekontuak zehazterakoan, esate baterako», dio Zaldibiako alkategaiak. «Ohitu egin behar du jendeak parte hartzera. Mila egoeratan parte har liteke. Baina herritarren iritzia oso garrantzitsua dela pentsatuta beti». Azkeneko urtebeteko prozesuetan ondutako proiektuak garatzeko konpromisoa hartu du EH Bilduk. «Gure herriko kultura sendotzeko, beharrak asetzeko azpiegitura berriak gauzatzea