Herriarteko pilota txapelketa aurrera doa. Palako lehenengo partidak jokatu ondoren, etzi itzulikoan neurtuko dira Lazkaoko eta Olaberriako taldeak Lazkaoko Joxemiel Barandiaran kiroldegian, 18:00etatik aurrera. Joaneko final laurdenetako partidak Olaberrian jokatu zituzten aurreko asteburuan. Olaberriak eta Lazkaok berdinketa lortu zuten puntuetan, baina Olaberriakoek zortzi tantoren aldea atera zieten Lazkaoko palariei. Paleta larruzkoan Berasategi-Olaran bikoteari gailendu zitzaion Ibarguren I-Soraluze bikotea (32-35). Pala motzean Arrieta-Garridok irabazi zuten Ibarguren II-Andonegiren kontra (40-29).
Eskuzkoan Ataun, Beasain eta Zumarraga hasi ziren, baina Zumarraga final hamaseirenetan txapelketatik kanpo geratu da. Pilotari zumarragarrek joanekoan puntu bakar bat ere ez zuten lortu eta hiru puntu jarri zituzten kontra hiru mailatan galdu eta gero –kadete, jubenil eta senior–. Itzulikoan seniorrek irabazi zuten arren, kadeteek eta jubenilek galdu egin zuten eta txapelketa utzi behar izan dute. Ataun eta Beasain aurrera doaz. Ataundarrek lau puntu alde eta bi kontra izanda pasa dute galbahea. Bihar Hernani izango dute aurkari; iaz Hernaniko pilotariek kanporatu zituzten ataundarrak. Partidak bihar jokatuko dira Ataungo Auzoeta kiroldegian, 22:00etan.
Beasaindarrak hutsik gabe
Beasaindarren lana orain artean hutsik gabekoa izan da: sei puntutik sei lortu dituzte. Lezoren kontrako joaneko nahiz itzuliko partidak irabazi dituzte maila denetan. Kadeteetan Alex Gomezek eta Arkaitz Baztarrikak osatu zuten bikotea eta partida parekatua izan zen arren, markagailua beasaindarren alde jarri zen (22-17). Jubeniletan Iñigo Suarezek eta Gorka Mendiak erraz irabazi zuten (22-7). Seniorretan Arkaitz Goikoetxea eta Egoitz Mendia aritu ziren (22-15). Beasaingoek Donostiako pilotariak hartuko dituzte bihar Antzizar kiroldegian, 19:00etan hasita. Donostiarrek irabazi zuten iaz txapelketa eta beasaindarrek jakin badakite lehia ez dela erraza izango.