Produktu berrien emari polita ferian
Hertzainak taldearen kantua Nola aldatu diren gauzak, kamarada erorri zitzaigun burura atzoko feria giroa ikusita. Joan zen asteazketik 15 graduko aldea, 25etik 10ra jaitsi baitzen tenperatura, eta eguzki izpi ederrak euri tanta mardul bihurtu. Ondorioz, jende gutxixeago ibili zen, batez ere landare postuetan. Salmenta oneko egunak eskertzekoak eta beharrezkoak dituztela dioten arren, ito puntuan pasatu zutela goiza ere aitortzen zuten landarezaleek.
Bestela, produktu berrien emari polita izan zen atzokoan: aire libreko patatak, borraja berriak, kukuluak, tipulin gorriak… Eta goizeko lehen gereziak Ezkio-Itsasoko Maria Jesus Oria eta haren ama Agustina Lopategiren postuan ikusi ahal izan genituen. Azken hau da ferian gaur egun saltzailerik beteranoena, 87 urte betetzear ditu eta amarekin txiki txikitatik feriara etortzen hasi zenekoa ondo gogoan du oraindik.
Udaberriko zizak bere goreneko momentua bizi duela esan genezake, atzo ia 400 kg izan zituzten salgai hiru saltzaileren artean. Gehienak 15 eta 38 euro artean kiloa. Mahaiz mahai ere ikusi ditugu inguruetan bildutako gutxi batzuk. Herritar ugari gerturatu zen propio ziza erostera ferira. Aukeran, onddoak ere baziren, 22-24 euroan kiloa, Zamora inguruan bildutakoak.
Zainzurien hilabetea Hamabi hilabete, hamabi produktu kanpainaren barnean, atzo Jose Luis Amatriain arduratu zen salmentaz; gari zainzuria eta zuri arrunta ere bazuen, eder askoa. Gehienak Sartaguda eta inguruetatik ekarri ohi dituzte. Feriak ezagutu dituen hurbilenekoak Urrestila eta Ernialdekoak ziren, Lekuederreko (Ernialde) Izaskun Amiamak duela hiru urte etortzeari utzi zionetik, ez da inguruko baserritarren zainzuri eskaintzarik izan.Kanpoko fruituen aukera Gereziak (Leridakoak), paraguaioak, angurria edo sandia, muxika, brinoi, moniki… gehienak Andaluzia aldetik ekarriak. Atzo kanpoko produktuak saltzen dituzten postu gehienetan izan zituzten salgai.