«Egoitza honek bizi handia du, aspertzeko betarik ez dago»
Bost urtez zuzendaritzan lanean ari eta gero, Zuhaizti adinekoen egoitzako presidente kargua hartu du Raquel Bravo ordiziarrak; postu hori bete duen lehen emakumea da.
Badira pare bat aste kargua hartu zenuela. Neurria hartu al diozu dagoeneko?
Egia esan, hasieran harritu egin ninduen izendapenak izan duen oihartzunak. Medioetatik deika, telefonoa sutan, whatsapp-ak, jendea kalean galdezka… pentsatu nuen, eta hau? Bost urte daramatzat zuzendaritzan eta niretzako pauso hori ematea oso naturala izan da.
Egoitzaren historian presidente kargua hartu duen lehen emakumea izateak izango du zerikusirik horretan.
Agian kanpora begira bai, baina nik ez diot aparteko garrantziarik ematen. Zuzendaritzan betidanik egon gara emakumeak.
Nola etorri zen proposamena?
Senarra zena diruzain izan zen zazpi urtez, eta haren bidez sartu nintzen ni juntan. Bi urte egon naiz bokal moduan eta hiru zuzendari orde bezala lanean. Senarra iazko azaroan hil zen, eta Alberto, presidentea zena, otsailean. Bi postu garrantzitsu horiek bete egin behar ziren. Proposatu zidatenean buelta asko eman nizkion; baten batek hartu behar zuen erantzukizun hori, eta hobe lehendik zuzendaritza taldea ezagutzen zuen norbait izatea. Zentzu horretan naturala izan da; ordua iritsi da eta kitto.
Animoarekin hartu al duzu?
Bai, orain denbora libre asko dut. Egoitzari ondo etortzen zaio dedikazio handiko pertsonak egotea, eta neuri ere ondo etorriko zait, burua okupatuta izan eta zerbait erabilgarria egiteko.
«Nire izendapenak sortu duen ikusminak harritu nau; beti egon dira emakumeak»Zuhaiztik 1.200 bazkidetik gora ditu. Goierriko elkarterik indartsuenetako bat izango da. Beste herrietako daturik ez dut, baina herri mailan behintzat nik uste bazkide gehien dituen elkartea izango dela. Baina ez da jendea bakarrik, duen bizitza da, ditugun aktibitate guztiak; hemen ez dago aspertzeko betarik. Kalean badago estereotipo hori, jubilatuak kartetan aritzera bakarrik etortzen garela, eta hori ez da egia: kartak badaude, baina ikastaro eta aisialdi eskaintza zabala dugu: yoga, pilates, dantzak, abesbatza, eskulanak, informatika… aktibitate sorta bat dago. Eskolekin ere badugu harremana, Hiri Hezitzailea egitasmoan ere parte hartzen dugu… Esan bezala, ez dago aspertzerik. Zuzendari moduan, zein helburu finkatu dituzu datozen urteeratako? Aurrera egin eta elkartea ahal den guztian laguntzea eta aurrera jarraitzea, bai martxan ditugun proiektuetan eta baita ekonomikoki ere. Ze hemen dena da defizitarioa. Ekonomia aipatu duzunez gero, nola daude diru kontuak? Murrizketak nabaritu al dituzue? Moldatzen gara, beti justuan baina nola edo hala antolatzen gara. Nik beti esaten dut hemen etxeetan bezala egin behar dela: bost sartu eta sei gastatzen badituzu, seinale txarra. Dagoenetik gastatu behar da. Beste neurri batean, baina etxean bezala da, azken finean. Eta laguntzen inguruan ezin gara kexatu, udala ondo portatu da gurekin. San Josetako bazkarian udaletxeko norbaitek esan zidan, «baina egon al liteke emakume bat baino ekonomista hoberik?» Eta egia da. Kontua sosak ondo zaintzea da. Euro bakoitza ondo begiratu, eta ez dagoenetik ez gastatu. Kanpaina betean egonda, eta baloraziotan sartu gabe, zer eskatuko zenioke hurrengo udal gobernu taldeari? Orain arte bezala dirulaguntzak ematen jarraitu dezatela, eta ez diezaizkutela jaitsi. Igo baditzakete hobeto, baina ez jaistearekin ere konformatzen gara. Arlo ekonomikoan ez dedila aldaketa handirik egon, hein handi batean, udalaren laguntzen menpe baikaude. Egoitzaren eta zuen lanaren helburuetako bat, erretiratuen bizi kalitatea hobetzea izango da, ezta? Bai, dudarik gabe. Oso garrantzitsua da erabiltzaileei zahartze aktiboa deitzen duguna eskaintzea. Adin oso ezberdinetako jendea dago hemen. Kolektibo zabala da, ezgaitasun fisikoak dituztenak ere badaude… Baina adineko jende asko uste baino gehiago inplikatzen da, bizitza aprobetxatu eta gauzak egiteko gogoa dute. Tamalez badago batere aktiboa ez den jendea, edo «elkartera joan? Zertara?» pentsatzen duen jendea. Nik proba egiteko esaten diet. Zentzu horretan, zerbitzu sozial bat ere eskaintzen duzue, ezta? Bai, eta baita osasun aldetik ere. Fisioterapeuta bat dugu zentroan, baita podologoa eta ile apaintzailea ere.