Sasieta zabortegiaren azpiegiturekin EAJk eta PSEk lehen berdin jokatu zutela salatu du EH Bilduk
Azken egunotan EAJk Bilduri egin dizkion leporatzeei erantzun die koalizioak. Sasieta zabortegia (Beasain) itxi ez izana salatu du aste honetan alderdi jeltzaleak, eta “Gipuzkoako zabortegi” bihurtuko dela iragarri du. EH Bilduk ohar baten bidez erantzun dio gaiari, eta bai EAJk, bai PSE-EEk 2007an eta 2009an zabortegiarekin berdin jokatu zutela argitu du: hondakinak tratatzeko ordezko azpiegiturak egin gabe zeudenez, zabortegiaren bizia luzatu zuten.
Sasietako zabortegia ez dagoela beteta dio EH Bilduk, “neurri handi batean herritarrok hondakinak ondo bereizten ari garelako”. Mankomunitatearen eremuan (Goierriko 22 herriak), bereizita jasotzen den hondakin kopuruaren tasa %33tik %60ra igo dela gogoratu du, azken lau urtean. “Sasietan inoiz izan den igoera handiena da, eta ez du PSE-EEko eta EAJko kideen inongo onespenik izan”, deitoratu du koaliazioak.
Aurreko hamarkadan zabortegia zergatik ez zuten itxi galdetu du, hein berean, EH Bilduk. Orain egiten ari diren egokitze lanak (iragazgaiztea) Eusko Jaurlaritzak 2007an atera zuen lege bat betetzeko dela ziurtatu du. “Inork ez al dio galdetu bere buruari zergatik ez ziren 2007an zabortegia iragazgaizten hasi? Eta inork ez al dio bere buruari galdetzen 2009an zabortegia ixteko eguna finkatuta zegoenean, ‘baina errauste planta oraindik egin gabe, kokapenarekin zeuden arazoak zirela eta’, zergatik ez zen itxi? Ordezko azpiegitura eginda al zegoen?”, galdetu du EH Bilduk.
Sasietaren gobernuaren ardura duen koalizioari leporatu dioten beste arlo bat da, ordezko azpiegiturak eginak izan gabe zabortegia itxi izana. Horrek gainbehera ekonomikoa ekarriko duela iguriki du oposizioak. “Zabortegia aldi baterako itxi genuen, egokitzapenak egin ahal izateko. Duen gaitasuna kontuan hartuta, garbi dugu obra hau ekonomikoki bideragarria dela. Teknikoak dira hau aztertu dutenak”.
Bestetik, errefusa tratatzeko azpiegitura “ahal den epe laburrenean eginda” egoteko ahaleginetan ari direla aurreratu du EH Bilduk. Eraikitzeko eragozpenak beste erakunde batzuek jarri dizkietela ohartarazi du —Eusko Jaurlaritzak ez zuen baimenik eman—. “Hori eraiki arte, bete gabe dagoen zabortegi bat ixteak ez du zentzurik”, ondorioztatu du.
Hala, hondakinen eta haiek tratatzeko azpiegituren inguruan sortu den erakundeen arteako “talka” ez duela EH Bilduk sortu defenditu dute. “Ez da sortu kutsakorra den errauskailu bat eraiki nahi ez dugulako, ezta herrietan birziklapen emaitza onenak eskaintzen dituen sistemak ezarri eta ingurumenaren mesedetan ibili garelako. Talka, desgastea sorrarazteko erabili nahi izan dute PSE-EEk eta EAJk, herritarrak nahasteko hondakinen gaia desitxuratuz eta gure aurka erabiliz”. Bukatzeko, “260.000 tona irents zitzakeen errauskailuaren proiektua behingoz” gainditzeko deia egin du. “Negozio ekonomikoan soilik pentsatzeak etorkizun luzera sor daitezkeen arazoen jabe ez izatera garamatza”.