Urtebete da Beasainen TAO sistema ezarri zela eta tarte honetan aldaketak egiten joan da Udala
Aparkaldi mugatua jarri dute Ezkiaga auzoan.
Maitzaren 12an bete zen urtebete Beasainen TAO aparkaleku sistema martxan jarri zela. Urtebete honetan, sistema horri jarraipen zehatza egin dio udalak eta aldaketak egiten joan da pixkanaka.
Azkeneko aldaketa Ezkiaga auzoan egin dute, “aparkatzeko sistema honek zenbait eragozpen ekarri ditu, bereziki eguerdi partean”. Hori dela eta, apirilaren bukaeran udalak bizilagunekin gaia aztertu ondoren, arazoari irtenbidea emateko, Ezkiaga auzoan aparkaldi mugatuko bi gune jarri dituzte: Mariarats kaleko 2. zenbakiaren parean, hormaren kontra dagoen zeharkako aparkaleku osoa; eta Mariarats kaleko 3tik 9ra, lerroan dagoen aparkalekuan. Gehienez 60 minuturako aparkatu ahal izango da, astelehenetik ostiralera eta 11:30etik 15:30erako ordutegiaren barruan. Aparkaldia doakoa izango da.