Boto paperen bidez, 22 alkatetza erabakiko dira gaur Goierrin
Goiztiar ibili dira hautagai goierritarrak. Goizeko bederatzietan hautes lekuak ireki direnetik asko dira dagoeneko euren botoak eman dituztenak. Mikel Serrano Zumarragako PSE-EEren alkategaia goizeko bederatzietarako La Salleko hautes lekuan zegoen. Goiz erdian izan da Beasainen, berriz, Markel Olano EAJren ahaldungai nagusia.
Datozen lau urteetarako agintea emango die herritarrek hautagaiei gaurko hauteskundeen bidez. Denera 53.000 goierritar daude bozetara deituak. Guztira 70 hautagaitza aurkeztu dira bailaran, 22 herrietako udaletarako. Gipuzkoako Batzar Nagusien osaketa ere erabakiko da gaurkoan.
Aurrekanpaina luzea izan da Goierrin, hilabetean direlako alderdiak hauteskundeei begira jarri zirela. Kanpainan zehar hamaika ekitaldi ikusi ditugu. Aurkezpenak, egitasmoen aurkezpenak eta propaganda banaketak kaleetan, baita etxez etxe ere. Kalean, hedabideetan nahiz interneten kanpaina gogorra izan da. EH Bilduk duela lau urteko olatuari eusteko ahalegina egingo du hauteskunde hauetan; 2011n izandako gorakadaren ondoren, azterketa. EAJk, berriz, azken hauteskundeetan bailaran alkatetzarik gabe gelditu ondoren, berriro ere boterera iristea izango du erronka. Udalez gain, eskualdeko hainbat erakunde begiz jota dituzte alderdiek, Goieki Garapen Agentzia edo Sasieta, kasu.
Iluntzeko zortzietan itxiko dira hautes lekuak eta, behin kontaketak eginda, lehen emaitzak ezagutuko ditugu. Emaitzen aurkako inongo auzi-prozesurik izaten ez bada, ekainaren 13an eratuko dira udalak. Aurrez erreklamazio edo inpugnaziorik izaten bada, berriz, uztailaren hiruan egingo da osaketa. Batzar Nagusiei dagokionez, ekainaren bigarren hamabostaldian egingo da osaketa eta ahaldun nagusia uztailaren 2a baino lehen aukeratuta izan beharko dute.