Emakumeak ahots eta boz
Clara Campoamorrek jarri zituen, bereziki, baldintzarik eta murrizketarik gabe emakumeek botoa emateko eskubiderako oinarriak. Bigarren Errepublika garaian eman ahal izan zuten euskal emakumeek ...
Clara Campoamorrek jarri zituen, bereziki, baldintzarik eta murrizketarik gabe emakumeek botoa emateko eskubiderako oinarriak. Bigarren Errepublika garaian eman ahal izan zuten euskal emakumeek botoa, lehenbizikoz.
1931n eman ahal izan zuten lehenbizikoz goierritar emakumeek botoa. Badirudi, ordea, emakumeen boto eskubidearena ez dela efemeride garrantzitsua, ezer gutxi dakigulako lorpen hari buruz. Ez zuen demokraziak ekarri emakumeak hautesontzietara joatearena, Bigarren Errepublikan iritsi zen. Eta ez zen garaiko agintarien oparia izan, emakumeek borrokaz lortutakoa baizik.
Hainbat hamarkada lehenago, sufragisten ekintzek eta protestek oihartzun zabala izan zuten herrialde anglosaxoietan. 1890ean lortu zuten AEBen boto eskubidea Elizabeth Cady Stantonek zuzendutako mugimenduari esker. Lehen Mundu Gerraren amaieran, orduko borroka haien uzta jaso eta beste hainbat herrialdeetan indartu zen sufragisten mugimendua. Britainia Handian, Emmeline Pankhurstekek zuzendutako mugimenduaren ekintzen bidez, 1918 urtean 30 urtetik gorakoen boto eskubidea lortu zuten; 1928an, berriz, 21 urtetik gorako guztietan, gizonezkoak bezala.
Espainiako Estatuan ere 1918an sortu zuten Emakumeen Elkarte Nazionala. Garaiko elite intelektualeko emakumeek osatzen zuten. 1931n Espainiako Bigarren Errepublikaren Konstituziora arte ez ziren aintzat hartuak izan, baina, emakume haien eskaerak.
Clara Campoamor eta Victoria Kent diputatu hautatuak izan ziren Kongresuan. Hautagai, bai, eta hautesle ere izateko eskubidean Campoamorri zor zaio, bereziki, baldintzarik eta murrizketarik gabe, orduko konstituzioak parekotasunaren alde egitea.