Legazpiko Udalak, Burdinola elkartearen laguntzarekin, frankismoko azken urteak eta trantsizioa bizi izan zituztenen testigantzak jaso ditu. Aitor Ibañez de Garatxanak egin ditu elkarrizketak.

Azken urteotan, memoria historikoari buruzko lan asko egin dira. Gehienek 1936ko gerra eta ondorengo urteak dituzte ardatz. Legazpin herri gehienen aurretik doaz eta, garai hartako informazioa jaso ondoren, frankismoko azken urteak eta trantsizioa aztertzeari ekin diote. Dagoeneko garai hura bizi izan zuten 26 lagunen testigantzak jaso dituzte. Gerra bizi izan zuten asko testigantza emateko aukera izan aurretik hil ziren eta oraingoan ez da horrelakorik gertatuko.
Elkarrizketak Aitor Ibañez de Garatxanak egin ditu, Gotzon Aranbururen laguntzarekin. Alor eta ideologia guztietako 26 legazpiar elkarrizketatu dituzte: Rufino Portilla, Anastasio Mujika, Javier Arrieta, Anjel Murua, Juan Pedro Agirre, Mikel Untzilla, Luis Arrizabalaga, Kontxi Garate, Pedro Gabiria, Julen Murua, Jose Inazio Elortza, Agustin Beloki, Nekane Arin, Batis Maiz, Jabier Azpiroz, Juan Jose Zubillaga, Luis Lizarraga, Jesus Gorrotxategi, Eloi Iartza, Josune Begiristain, Joaquin Balerdi, Xabier Barriola, Kepa Solana, Jose Migel Leunda eta Ibañez bera. Bi elkarrizketa falta zaizkie fase hau bukatzeko.
Elkarrizketetan gai guztiak landu dituzte: egoera soziala, irakaskuntza, kultura, politika, erlijioa, euskara, sindikatuak, komunikabideak… Elkarrizketatuek ezpata dantzaren berreskurapenaz, Patrizio Etxeberriaren lantegiaz, lehenengo andereñoez, kaleen izenez, euskararen erabileraz, mugimendu antimilitaristaz, euskarazko lehen komunikabideen sorreraz… hitz egin dute.
Pasadizo bereziak ere kontatu dituzte. Ibañez de Garatxanak bi azpimarratu ditu: Legazpiko Udala izan zen ikurrina balkoian jarri zuen Gipuzkoako lehenengoa eta Carlos Garaikoetxea lehendakaria Telleriarteko baserri batean ezkutatu zen 1981eko Estatu kolpearen ondoren.
Grabazioak dagoeneko udalaren eskutan daude. Rakel Puente zinegotzia oso gustura dago Burdinolakoek egindako lanarekin eta eskerrak eman nahi dizkie. «Beharbada, etorkizunean lan hau argitaratu egingo dugu. Garrantzitsuena elkarrizketak egitea zen».
Garai hari buruz hitz egin dutenei ere eskerrak eman nahi dizkie. «Batzuentzat ez zen xamurra izango, baina guztien testigantzak behar genituen. Beraiek egindako lanak errekonozimendua merezi zuen eta, gainera, gazteek herriko historiaren berri izatea nahi dugu».
Gainontzeko ekintzak
Horretarako, gerra eta ondorengo urteak bizi izan zituztenen testigantzak ere jaso zituzten. Horiekin, liburu bat argitaratu zuten. Gainera, gerran hildakoak omendu zituzten, udaletxean euren omenezko plaka bat jarri zuten eta herriko kale bati Ormakio izena jarri zioten (bertan egon zen frontea).
Lehenengoz ikurrina udaletxeko balkoian jarri zuen korporazioa ere omendu zuten, 80. urteurrenean. Egun berean, ikurrina erraldoi bat jarri zuten.