Alderdi txikiek izango dute giltza
ORDIZI. EAJk eta EH Bilduk bosna zinegotzi izango dituzte udalbatzan, nahiz eta jeltzaleek 82 botoko aldearekin irabazi. Ordizia Orain bi zinegotzirekin sartu da, eta zeresana izan dezake udalaren osaketan Gipuzkoan eman den tendentzia orokorra jarrait...
ORDIZI. EAJk eta EH Bilduk bosna zinegotzi izango dituzte udalbatzan, nahiz eta jeltzaleek 82 botoko aldearekin irabazi. Ordizia Orain bi zinegotzirekin sartu da, eta zeresana izan dezake udalaren osaketan
Gipuzkoan eman den tendentzia orokorra jarraituz, Ordizian ere gora egin du EAJk; EH Bilduri alde txikia (82 boto) atera badio ere, boto gehien jaso duen alderdia izan da. Biek bosna ziengotzi izango dituzte udalbatzan, eta horrenbestez, alderdi txikiak erabakigarriak izango dira. Ordizia Orain taldea izango da berrikuntza nagusia, bi zinegotzirekin indarrean sartu baita. PSE-EEk, berriz, lehen zuen ordezkaria mantendu egingo du.
Lehia estua izan da herriko bi alderdi nagusien artean. EAJk gora egin du eta 1.754 boto jaso ditu, 2011n baino 335 gehiago. Jeltzaleena izan da talderik bozkatuena; bigarren indarra izan den EH Bilduk baino 82 boto gehiago atera dituzte. Ezker abertzaleko koalizioak 1.672 botopaper jaso ditu guztira.
Txikiak, erabakigarri
Podemos-Ahal Dugu alderdiaren babespean aurkeztu den Ordizia Orain taldea izan da hirugarren indarra. Guztira 637 boto jaso ditu eta bi zinegotzi izango ditu datorren legealdian. Bestalde, PSE-EEk 413 boto jaso ditu, eta Iñaki Dubreuilek eutsi egingo dio zinegotzi karguari. Irabazi Ordiziak (102 boto) eta PPk (81) ez dute ordezkaririk lortu.
Aritmetikak zeresan handia izango du udal berriaren osaketan. EAJk eta EH Bilduk zinegotzi kopuru bera izanda, sortu litezkeen akordioek eta Ordizia Orainek eta PSE-EEk hartu lezaketen jarrerak erabaki lezakete hurrengo udalaren norabidea.
Hauteskunde deialdi honetan 4.801 ordiziarrek eman dute botoa, 2011n baino 87 gehiagok. Hala, abstentzioa jaitsi den udalerri bakarretakoa da (%31,91).