Iker Irribarriak Bigarren Mailako Banakako Txapelketako finala jokatuko du
Profesionaletan debuta egin eta bi hilabete eta erdira, lehenengo finala. Iker Irribarria gazteak (Arama, 1996) Bigarren Mailako Banakako Txapelketako (Promoziokoa deitua) azken partidan jantzi dezake lehenengo txapela. Finalaurrekoan Miguel Merino, Merino I.a bazterreratu zuen atzo, Eibarko Astelenenan (22-8). Erraz gailendu zitzaion aramarra errioxarrari. Sakez zazpi tanto, jokoan beste zazpi, hiru huts bakarrik egin, eta partidak ordu erdi bete zuenerako finalean zen.
Irribarriak martxoaren 22an jokatu zuen lehenengo aldiz profesional, Asperekin. Ekainaren 6an jokatuko du Bigarren Mailako finala, Victor Esteban ezkaraiarraren kontra. Aurkariak larunbatean Labriten Mendizabal III.a kanporatu zuen, 22 eta 17. Biek lehendabiziko finala dute. Enpresek oraindik ez dute jakinarazi zein pilotalekutan jokatuko den.
Baldin eta irabazten badu, profesionaletan txapela bat denbora laburrenean jantzi duen bigarren pilotaria izango litzateke Iker Irribarria. Iñaki Elortza kazetariaren datuen arabera, Gorostizak profesional modura hilabete justu zeramala irabazi zuen Bigarren Mailako txapela, 1973ko martxoan, Gereñu segurarrari 22 eta 3 irabazita.