Ordiziako Jakintza Ikastola da LOMCEren probak egiteko deitu duten zentruetako bat
Elkarretaratzeak egingo dituzte aste honetan
LOMCEk ezarritako azterketa egiten hasteko asmoa du Eusko Jaurlaritzak. Hain justu ere, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiako 30 ikastetxetako Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan egingo dituzte probak. Ordiziako Jakintza Ikastola da proba horietarako deitua izan den zentruetako bat, Goierriko bakarra.
Hezkuntza komunitateak azterketa horiek egiteko arrazoi bakarra LOMCE legea dela salatu zuen joan zen astean, Jaurlaritzak erreforma jarraitu duela salatu zuten. Era berean, “ezkutuan” aritzea ere egotzi zioten.
Proba hauek familia, ikastetxeeko zuzendaritza eta ikasleengan “eragin zuzena” dutela salatu dute Jakintzako LH3ko gurasoek: “LOMCEren ezarpenean beste pauso bat besterik ez dira, hala nola, jarraian inposatu nahi diren Bigarren Hezkuntzako eta Batxillergoko Errebaliden aurrerapena”.
Azterketa hauek hezkuntza “zentralizatu eta kontrolatzea” dutela helburu diote eta arlo pedagogikoan “sekulako inboluzioa” dakartela. “Are gehiago, oinarrizko hezkuntzan, ikasleen segregazio goiztiarra bideratzen dute eta bertan behera uzten dute bereziki, DBHko errebalida gainditzen ez duten ikasleen hezkuntza-ibilbidea”.
Elkarretaratzeak Egoerari aurre egiteko dituzten aukerak azterturik, seme alabei proba hau egin ez diezaten egun horietan seme-alabak ikastetxera ez eramatea erabaki dute gurasoek. Horregatik, “Lomcerik ez!” lelopean, bihar eta etzi, hilak 26 eta 27, Ordiziako Plaza Nagusian arratsaldeko 19:00etan elkarretaratzeak egingo dituzte.