Zer diote Goierriko gazteek politikaz?
Jaiotze-tasa asko jaitsi da azken hamarkadetan eta, gainera, egungo gazteek ez dutela politikarekiko interesik esaten da sarritan. Hala bada, alderdiek arazo bat dute. ...
Jaiotze-tasa asko jaitsi da azken hamarkadetan eta, gainera, egungo gazteek ez dutela politikarekiko interesik esaten da sarritan. Hala bada, alderdiek arazo bat dute. Egungo politikoek ba al dute erreleboa nori eman? Zer diote gazteek politikaz? Bi galdera hauei erantzuteko lau gazterengana jo dugu: EH Bilduko Irati Aldaz, EAJko Eric Galvez, PSE-EEko Eva Alvarez eta Irabaziko Unai Orbegozo.
Aldaz beasaindarra da, 24 urte ditu, euskaltegi batean lan egiten du, Ernaiko kidea izan zen eta EH Bilduren zerrendan doa. Politikan aritzeagatik denetik entzun duela dio. «Lagun askok oso ondo iruditzen zaiela eta gehiagok egin beharko luketela diote. Beste batzuek lehen lerroan zertarako jarri naizen galdetu didate. Baina, nire ustez, politikak denoi eragiten digu eta parte hartu egin behar da».
Galvez legazpiarrak 29 urte ditu, makinak esportatzen dituen enpresa bateko kudeatzailea da eta EAJren zerrendetan doa. 2009 amaieran sartu zen alderdian. Lagunek bere erabakia errespetatu zutela dio. «Askotan bizitza zaildu dudala diote. Egia da, baina zure herriaren alde lan egiteak merezi du».
Alvarez beasaindarrak 32 urte ditu eta komunikazio enpresa batean lan egiten du. Aurten erabaki du PSE-EE alderdian lan egitea. «Nire ideiekin bat dator eta Beasainen agindu dutena egin dutela iruditzen zait. Lagunen eta senitartekoen babesa dut. Ondo dakite politika betidanik gustatzen zaidala».
Orbegozo zumarragarrak 27 urte ditu eta Urretxuko gaztetxeko tabernaria da. Irabazi alderdiaren alkategaia da Zumarragan. Jendeak denetik esan diola dio. «Batzuek politikaz paso egiten dutela diote, baina nik fedea dut. Ezin ditugu politikari guztiak zaku berean sartu. Politikari duinak daudela erakutsi behar dugu».
Irati Aldaz
«Gazteen artean denetik dago, ez nago orokortzearen alde. Gazte kritiko asko daude, ezkerreko alternatiba eraiki nahi dutenak eta lan egiten dutenak. Beste asko ere gertatzen ari denaz konturatzen dira, baina ez dira ekintzetara pasatzen. Politika batere inporta ez zaienak ere badaude. Dena den, gazteak gero eta kontzienteagoak garela uste dut».
«Une hau ezkerreko politika egiten duten alderdientzat egokia da, egungo egoerara eskuineko politikak eraman gaituela ikusten ari baikara».
Eric Galvez
«Gazteek gero eta urrunago sentitzen dute politika eta askok politikarien kontua besterik ez dela uste dute, baina guztioi eragiten digun gai bat da. Denok dugu zer esan, zer egin eta zer eskaini. Guztiok parte hartu behar dugu».
«Ehunka ordu pasa ditzakegu gure herriak edo aberriak dituen arazoei buruz hizketan, baina politikan jardutea da arazo horiei guztiei erantzuna emateko erarik egokiena. Eta ezin dugu ahaztu udala dela herritarrengandik gertuen dagoen erakundea».
Unai Orbegozo
«Ez dakit duela 10-15 urte zein zen egoera, baina egun gazte gutxi dago lekukoa hartzeko prest. Ez dut ulertzen zergatik. Helburua lortu dute eta jende asko lelotuta dago, telebistako saio tontoei begira».
«15 urterekin hasi nintzen politikan pentsatzen eta duela zazpi bat urte Gazte Komunistaken sartu nintzen. Gazte asanbladako kidea ere banaiz eta hainbat mugimendutan parte hartzen dut. Politikan dabiltzan lagun asko ditut: Gazte Komunistaken, Ernaien…».
Eva Alvarez
«Jendea politikari batzuek egin dutenarekin haserre dago eta politika gaizki ikusia dago gazteen artean. Gainera, gero eta berekoiagoak eta indibidualistagoak gara. Hori guztia dela eta, alderdiek arazoak dituzte erreleboa lortzeko».
«Gazteek politika urrun ikusten dutela iruditzen zait. Hori hankasartze handia da. Politika herria eta jendearen bizi baldintzak hobetzeko tresna bat da. Kexatzea oso erraza da, baina gauzak aldatzeko konpromisoa behar da».