Goierriko politikariek udal hauteskundeen balorazioa
Udal eta foru hauteskundeek Goierrin utzi dituzten emaitzak aztertuta, eskualdeko politikariek emaitzen balorazioa egin dute. Bederatzi ordezkariren iritziak jaso ditugu:
Beasainen Aitor Aldasoro izango da alkate, gehiengo osoa lortuta. «Balorazio ona egiten dugu, noski; ez genuen horrelako babesik espero. Lana egiten duzu, baina hauteskundeetan aldagai asko egoten dira. Guk urte erdi generaman eragileekin elkartzen. Guretzat hori aldagai garrantzitsua izana espero dugu». Beste aldagai batzuk ere badaudela dio: «Alderdi bat gobernuan dagoenean horrek desgastatu egiten du eta hori ere lagungarria izan daiteke». Hemendik aurrera lanean jarraituko dute: «Dena kudeatu egin behar da, lana egin beharko da. 3.000 boto ditugu baina 10.000 pertsona dira bozkatzera joan direnak».
Gipuzkoan gertatu den moduan, Ordizian ere EAJk aurrea hartu dio EH Bilduri, eta atzoko egunak «sentsazio gazia» utzi diela azaldu du Igor Egurenek. «Garbi dago ez ditugula gauzak guk uste bezain ondo egin, edo ez dugula ondo egindakoa transmititzen asmatu». EH Bilduren boto galera, hein handi batean «udalaz gaindiko faktoreei» dagokiola uste badu ere, ez diote autokritikari ihes egin nahi . Udal berriaren osaketari dagokionean, «boto gehien jaso dituen alderdiari dagokio ekimena hartzea». Hala ere, garbi du alderdien artean kontaktuak izango direla eta beraiek «denekin hitz egiteko irekita» daudela.
Zumarragan alde handiarekin irabazi ditu hauteskundeak PSE-EEk eta Mikel Serranok, eta «pozez baina erantzukizun handiagoarekin» hartu ditu emaitzak. Izan ere, «aukera guztiak aurkeztu dira eta Gipuzkoan beste inork lortu ez duen aldearekin irabazi dugu». Sozialistek Zumarragan sekula lortutako emaitzarik onenak direla azpimarratu du. Zentzu horretan, «Zumarragarrei erakutsitako gertutasuna giltza» izan delakoan dago Serrano; «ez dira hitzak, botoetan islatu da». Hauteskundeotan, «inoiz sentitu ez dudan berotasuna sentitu dut kalean, animoak ematen zizkidaten eta gaur zoriondu egin naute».
Legazpin bi alderdi nagusien arteko lehia estua espero zutela eta herenegungo eguna «urduritasunez» bizi izan zuela azaldu du Koldobike Olabide EAJren hautagaiak. Emaitzarekin ordea, «oso pozik» daude. «Herritarrek ez digute guri bozka eman zabor bilketa ereduarekin gustura ez daudelako bakarrik, baita aldaketa sakonago bat nahi zutelako ere. Gobernatzeko modua aldatzea nahi dute». Udal osaketari begira, beraien asmoa «denekin hitz egitea» dela azaldu du; «eta, ados jartzen bagara, akordioak lortuko ditugu». Alkatetza hartzen duenean, «ospitaleko autobus zerbitzua eta trafikoa hobetzen» saiatuko da.
Legorretan eutsi egin dio alkatetzari EH Bilduk eta Zelai Amenabarro izango da alkatea. Eskerrak eman dizkie legorretarrei, «talde osoaren izenean, gugan konfiantza izateagatik. Pozik gaude, irabazi egin dugulako, eta ilusioz, datozen lau urteetan gogor lan egiteko aukera eman digutelako herritarrek». Dena den, aurreko hauteskundeetatik behera egin dute, «eta horren inguruko gogoeta» egin beharko dutela dio, «zein faktorek eragin duten» ikusteko. Hala ere, baikor daude, «lau urte ditugulako aurrean herriaren alde lan egiteko, herritarrekin batera Legorreta hobea egiten jarraitzeko».
Ezkio-Itsason zerrenda bakarra aurkeztu badute ere, aurtengo hauteskundeak bereziak dira, esku artean duten banaketa prozesua dela eta. Zentzu horretan «emaitza oso ona» izan dela uste du Garikoitz Aiestak, «batez ere parte hartze handia izan delako eta babes handia jaso dugulako». Badakite segregazioarena «gai sentsiblea» dela, horregatik, bazuten «zer nolako babesa jasoko genuen ikusteko gogoa»; zentzu horretan emaitza «oso positiboa» izan da. Batzarretan eta herri programan hartutako konpromisoei eutsi eta prozesu hori berehala martxan jarriko dutela azaldu du.
Ormaiztegi Batzen hautesle taldeak irabazi ditu hauteskundeak Ormaiztegin. Alkate izango den Jon Enriquek azaldu duenez, «mahai gainean proposamen bat jarri genuen, Ormaiztegi batzearena, eta hori lortu» egin dute, «herritarren partetik babes handia» jaso baitute. Udala osatzea beraiei dagokie orain, baina bigarren indarra izan den EH Bilduri «batu eta elkarrekin» lan egiteko proposamena egingo diotela azaldu du, «norgehiagokak alde batera utzita». Politika baino gehiago «herrigintza» aldarrikatzen du Enriquek, eta ilusioz ekingo diola lanari, atzean «talde sendoa» duela jakinda.
Zaldibiako EH Bildun «oso gustura» daude emaitzekin; botoetan igo egin dira eta «horrek esan nahi du lau urteotan egindako lana ondo baloratu dutela herritarrek». Datozen lau urteerako ere «proiektu oso interesgarriak» dauzkate aurreikusita eta «lanerako oso talde eraginkorrak» egon direla aurreratu du Etxabek. Orain lau urte oposizioa bi zinegotzirekin geratu zen, eta EH Bildu «irekitasunean» aritu bada ere «oposizioak ez du inongo gogorik jarri eta hori jendeak ikusi egin du» Etxaberen ustez. «Orain espero dugu elkarren artean baterakotasunean herria aurrera aterako dugula.
Herri txikietan hauteskunde prozesua bozka nominalaren bidez egiten dute; zerrenda bat osatzen da, eta herritarrek bertako kideei ematen diete botoa. Aurten Araman, «prozesu ezberdina» egin dutela azaldu du Axier Mujikak. Bi zerrenda osatu dituzte, «ez inongo liskarrik zegoelako, baizik zerrenda bakarra izanda eta kanpoko talderen bat aurkeztuko balitz, ordezkoak hauek izango liratekeelako». Zentzu horretan, jendeak batzarretan parte hartu duela azaldu du Mujikak. Beraz gain, Aloña Urretabizkaia, Alaine Goikoetxea, Jaione Bendoiro eta Luis Garmendia izan dira hautatuak.
- AITOR ALDASORO (EAJ-Beasain)

- IGOR EGUREN (EH BILDU-Ordizia)

- MIKEL SERRANO (PSE-EE -Zumarraga)

- KOLDOBIKE OLABIDE (EAJ-Legazpi)

- ZELAI AMENABARRO (EH BILDU – Legorreta)

- GARIKOITZ AIESTA (EZKIO-ITSASOKOAK – Ezkio-Itsaso)

- JON ENRIKE (ORMAIZTEGI BATZEN – Ormaiztegi)

- JOXEAN ETXABE (EH BILDU- Zaldibia)

- AXIER MUJIKA (ARAMAKO HERRI BATZARRA -Arama)
