Udalez gaindi hautatzen da
Hauteskundeetako emaitzek udalen osaketaz gain, beste hainbat erakundeetan ere eragingo dute.
Maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeetan Goierriko 22 udalen osaketa erabaki ...
Hauteskundeetako emaitzek udalen osaketaz gain, beste hainbat erakundeetan ere eragingo dute.
Maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeetan Goierriko 22 udalen osaketa erabaki dute herritarrek, baita Gipuzkoako Batzar Nagusiena ere. Baina hori, gauza jakina da. Ageriko erakunde horiez gain, ordea, beste hainbat mankomunitate, partzuergo, fundazio eta bestelako erakunde ere osatuko dira hauteskundeen ondorenean; eta emaitzen arabera, kolore bat edo bestea hartu dezakete.
Goierrin mota horretako dozena bat erakunde badaude ere, herritar askok ez dituzte ez haien osaketa eta ezta haien funtzioak ere ezagutzen. Zaharrenak, eta agian horregatik ezagunenak, Goierriko bi parke naturalen inguruan sortutakoak dira, Enirio-Aralar Mankomunitatea eta Gipuzkoa eta Arabako Partzoneria Orokorra, biak ere XV. mendekoak. Garaiko lurren banaketa eta kudeatzeko beharrei erantzuteko sortu ziren. Egun Euskal Herrian oraindik mantentzen diren erakunderik zaharrenetakoak dira.
Sei mendez mantendu diren bi erakunde horiei, beste hainbat gehitu zaizkie azken hamarkadetan. Trantsizioaren ondoren irekitako aro berrian, beste erakundetze mota bat egin zen posible Euskal Herrian. Eta horren ondorioz, eskualde mailan industriari, nekazaritzari, turismoari edota hondakinen kudeaketari lotutako beste erakunde batzuen beharra sortu zen. Horietako batzuk dira Goieki eta Uggasa garapen agentziak, Goimen, Lenbur edota Sasieta Mankomunitatea.
Garai berrietara egokituz
Egungoaren antzeko krisi egoera batean sortu zen Goieki, momentuan eskualdean zegoen beharrari erantzuteko. Iker Galparsoro Goiekiko zuzendariak azaldu duenez, «krisi hura oso gogorra izan zen; Goierrin %22-25 arteko langabezia tasara iritsi ginen, eta industria sektorean bakarrik 3.500 lanpostu galdu ziren, enpresa asko itxi ziren…» Egoera horri aurre egin nahian, eskualdeko udal, enpresa, alderdi eta sindikatuak elkartu eta plan estrategiko baten beharra ikusi zuten. «Horretarako sortu zen Goieki».
Erakunde publikoa da eta politikariek ezartzen dituzte lerro estrategikoak, baina eguneroko lana teknikarien esku gelditzen da. Lan banaketa horri buruz galdetuta, hauteskundeen eragina nabaritzen dutela azaldu du Galparsorok. «Hauteskundeak izaten direnetik udalak osatu, gero ordezkariak izendatu, eta hau dena mugitzen hasi behar da. Horrek denak hilabete batzuk behar izaten ditu, eta urria edo azaroa izango da martxan hasterako». Hala ere, politikariek negoziatzen duten bitartean, «guk lanean jarraitzen dugu».
Badakite egiten duten lana ezkutukoa dela, eta herritar gehienek ez dutela ondo ezagutzen. «Gurekin elkarlanean ari diren enpresa, ekintzaile eta turismo sektoreko enpresek badakite zer egiten dugun, baina herritarrek ez dute ezagutzen. Guk ere askotan egiten dugu gogoeta edo autokritika hori, agian ez dugula egindakoa nahikoa komunikatzen».
Testuinguru beretsuan jaio zen Uggasa Urola Garaiko Garapen Agentzia ere. 1994an eratu zuten, Urola Garaia Mankomunitateak bultzatuta, bailararen «garapen sozio-ekonomiko iraunkor eta elkartasunezkoa» sustatzeko helburua- rekin. Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udalek txandaka hartzen dute zuzendaritza.
Goierri osoa
Erakunde horietako gehienek Goierri behea eta garaia bereizten badituzte ere, badaude bi 22 herriak ordezkatuta daudenak: Sasieta Mankomunitatea eta Goimen Elkartea.
Sasieta, eskualdeak hondakinen kudeaketaren arloan zituen erronkei erantzuteko sortu zen 1992an. Batzorde Errektorea Goierriko 22 herriek osatutzen dute; herri handiek (5.000 biztanletik gorakoek) bina ordezkari dituzte eta txikiek bana, eta lehendakaria denen artean aukeratzen da. Enrike Enparantza Sasietako teknikariak azaldu duenez, duela lau urtera arte, «beti Beasainek hartzen zuen lehendakaritza, zabortegia bertan kokatuta dagoelako». Hala ere, inon idatzi gabeko araua zen hori, eta azken legealdian, «beste era batera hautatu zuten, eta Lazkaori egokitu zitzaion».
Ekimen publikoz sortutako mankomunitatea izanda, teknikariek politikariekin harremanetan egon behar dute. «Lerro orokorrak haiek markatzen dituzte, baina eguneroko lana guk egiten dugu. Gero lehendakariarekin asteroko harremana izaten dugu; eta egia da azken legealdian harreman hori handiagoa izan dela».
Legealdi batetik bestera, hauteskundeen eragina nabaritzen dute haiek ere: «lau urtez behin jende berria etortzen da, eta horretara egokitu behar izaten dugu; udaletxeetan gertatzen denaren antzera». Zentzu horretan, udalekin alderatuta , ezberdintasun nagusi bat ikusten du Enparantzak, «han alkatea egunero egoten da, hemen berriz, tarteka etortzen zaigu». Izan ere, Sasietako lehendakaria ez da inoiz lan horretarako liberatuta egon.
Goimen elkartea berriz, nekazaritza arloko eta landa eremuaren garapenerako sortu zen, 1988an. Hor ere 22 udalerriak daude ordezkatuta, beste 18 nekazal elkarte eta sindikaturekin batera. Batzar Orokorrak 13 kide ditu, 6 udal hautetsi eta 7 nekazal ordezkari.
Lurralde eta nazio mailan
Eskualdean ez ezik, Goierriko herriek ordezkaritza duten beste erakunde batzuk ere badaude, bai lurralde eta baita nazio mailan ere. Gipuzkoari dagokionean, Gipuzkoako Ur Kontsortzioan, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioan (Sasietaren bidez) eta Tolosako hiltegian daude ordezkatuta. Azken honetan, udalerri bakoitzak ordezkari bat aukeratzen du.
Euskal Herri mailan berriz, Udalbiltza eta Eudel udalen batzarrak daude. Udalbiltzan Goierriko 16 alkate eta 91 hautetsi daude atxikita; gainera, organo nagusia den Nazio Gobernuan, bi ordezkari ditu Goierrik. Eudelen zuzendaritzan ez dago Goierriko ordezkaririk, baina bai Gipuzkoako Lurralde Batzordean. Uema Udal Euskaldunen Mankomunitatean ere, Goierriko 8 herri dira bazkide.