Euskaltzaindiak bihar zabalduko du herri hizkerei buruzko erakusketa, Beasainen
Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) ikerketa-ildoa ezagutarazteko, Euskara ibiltaria erakusketa jarriko dute, Igartzako jauregian. Euskaltzaindiak antolatu du, Beasaingo Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin. Bihar zabaldu, eta ekainaren 5era arte egongo da han.
Bihar, goizean, Beasaingo ikastetxeetako ikasleentzat bisita gidatuak egingo dituzte. EHHAren teknikari Aritz Abaroak eta Amaia Jauregizarrek bi hitzaldi didaktiko emango dizkiete ikasleei, 10:00etan eta 11:15ean.
Arratsaldean, 18:00etan, inaugurazio ofiziala egingo dute. Andres Urrutia euskaltzainburua, Adolfo Arejita atlasaren zuzendari akademikoa, eta Xarles Bidegain EHHAren arduradun teknikoa bertan izango dira, udal agintariekin eta babesleen ordezkariekin batera.
Helburu jakin bat dauka Euskara ibiltaria erakusketak: EHHA Euskararen Herri Hizkeren Atlasa zer den ezagutarazi, eta orain arteko lanen berri eman.
Hain zuzen, euskalkiekin eta horien barruko hizkerekin osatzen ari da Euskaltzaindia EHHA, 1984tik. Galdeketa jakinak egiten dituzte euskara bizirik den Euskal Herri zatian, kontzeptu, objektu edo izaki zehatz bati nola deitzen dioten ateratzeko.
Hortik abiatuta, ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzen dituzte. Galde-sortekin, hizkuntzaren arlo guztiak —lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia— biltzen dira. 2010etik herri hizkeren Atlasaren sei liburuki argitaratu ditu akademiak.