Construcciones Moyua enpresak egingo ditu lanak, eta bost hilabete inguru iraungo dute. Aurten farmaziatik elizara bitarteko eremua konponduko dute, eta 2016ean beste erdia
Legazpiko Kale Nagusia. / Asier Zaldua
Legazpiko Udalak oinezkoentzat egokituko du Kale Nagusia. Astelehenean bertan hasiko dituzte lanak, eta bost hilabetez luzatuko direla kalkulatu dute. Lehenengo fasea hasiko dute datorren astean, farmaziatik elizara bitartekoa. 2016ean, berriz, lanen beste erdia egiteko asmoa dute. Construcciones Moyua enpresak egingo ditu lehen fase honetako lanak.
Lanek irauten duten bitartean Kale Nagusia eta Nafarroa kalea itxita egongo dira. Zamalanetarako bakarrik irekiko dituzte, 07:00etatik 13:30era. Datorren astetik aurrera aparkatzea ere galarazita egongo da Kale Nagusian, baina Plazaola kalean txandaka aparkatzeko leku batzuk egokituko dituzte. Taxi geralekua, berriz, Plazaola kaleko 10. zenbakian jarriko dute, Xarpot tabernaren parean.
Ikasleen proposamenak kontuan hartu dituzte.
Agenda 21 programaren barruan, Kale Nagusiko lanen inguruan proposamenak eskatu zizkien Legazpiko Udalak herriko ikasleei. Hainbat proposamen kontuan hartu ditu udalak, eta aurrera eramango dituzte. Besteak beste, zuhaitzak jarriko dituzte hainbat gunetan, jarlekuak U forman edo borobilean jarriko dituzte elkarrekin hitz egin ahal izateko, irristatzen ez duen zorua jarriko dute, partxis edota xake taulak dituzten mahaiak, lurrean txingoa eta iturria.
Bestalde, kalean erosketak egiteko orgak jartzeko proposamena dendariekin aztertuko dutela jakinarazi du udalak, eta eszenatoki bat jartzea komeni den ala ez ere aztertuko dutela agindu die ikasleei. Hori, dena den, datorren urterako utziko dute.
Agenda 21eko proposamenei erantzun die udalak.
Joan den astean Legazpiko ikasleek hainbat proposamen egin zizkioten udalari, Agenda 21 programaren barruan, eta Legazpiko Udalak erantzuna eman die orain. Kale Nagusiko lanetan egindako ekarpenez gain, beste hainbat proposamen ere kontuan izango dituzte. Esaterako, parkeetan aterpeak jartzeko eskatu zuten ikasleek. Proposamena “interesgarria” iruditu zaio udalari, eta parkeak nola estal daitezkeen aztertuko dutela adierazi dtue.
Urtatzako urtegiaren inguruan grafittiak egiteko gune bat egokitzeko ere eskatu zuten ikasleek. Udalaren ustez leku hori “arriskutsua” da, baina alternatiba bat proposatu du: futbol zelaiaren inguruko pareta. Hori bai, grafittiak egin aurretik udalarekin adostu beharko dira leku zehatza eta irudia.
Azkenik, azokako arkupeetan haize-lasterrak sortzen direla eta, beharraren arabera itxi edo irekiko den itxitura egiteko asmoa agertu du udalak. Horrela neguan ere jolasgune modura erabili ahal izango dute haur eta gazteek.