Altamirako putzua, ondare ezezaguna
Oiangu leku kuttuna dute ordiziarrek, baita goierritar askok ere. Igande edo jai egun bat pasatzeko, aire librean otordu bat egiteko, edo paseorako toki aproposa da. Baina Oianguren parkeak baditu hainbat aberastasun, hain agerian ez daudenak, eta askorentzat, oraindik ezezagunak direnak. Altamirako putzua da horietako bat. Inguru hori berreskuratu eta ezagutarazteko lanean ari den Aranzadi elkarteak, putzua eta bere inguruko fauna ezagutzeko irteera antolatu du larunbaterako.
Altamirako putzua, duela zenbait urte artifizialki sortutako gunea dela azaldu du Aranzadi elkarteko Yoana Garciak, baina denborarekin «habitat berezi bat sortu da putzu horren inguruan». Hala, landare urtarrak (altza, ihia, azeri buztana…) eta uraren eta hezeguneen inguruan garatzen den fauna (anfibioak, burduntziak, sorgin orratzak…) sortu dira bertan. Hori guztia dela eta, Altamirako putzua «oso toki berezia» dela dio Garciak, «biodibertsitate aldetik oso ezaugarri bereziak» dituelako; «kontuan hartu behar da gure inguruan ez daudela horrelako toki asko, eta berez daudenak, asko sekatu edo obrak direla eta desegin egiten direla».
Hain toki ezohikoa izanagatik, ordiziar askok ezagutzen ez duten txokoa da. Izan ere, Oiangu parkea ezagutzen dutenentzat ere, «nahikoa ezkutuan» dago putzua; Oiangu baserritik Altamirara doan bidean, eskuinetara hartuta joaten da. Aranzadi Zientzia Elkartekoak Oiangun lanean hasi zirenean, putzu honi «bere balio naturala aitortu eta ezagutaraztea» izan zen markatu zuten helburuetako bat. Inguruko jendea «honelako habitat batek duen garrantziaz jabetzea» lortu nahi dute.
Txukunketa lanak
Altamirako putzua lehendik eginda bazegoen ere, nahikoa utzita egon da urtetan. Horregatik, zenbait txukunketa lan egin dituztela azaldu du Yoana Garciak. «Aldaketa handirik ez da egin, baina gauza batzuk egokitu egin ditugu». Hala, putzurako bidea garbitu eta seinaleztatu egin dute. Baita putzuaren beraren inguruko bidexka ere. «Zubitxo batzuk ere egin ditugu, bertako egurra aprobetxatuz». Izan ere, hori da beraien asmoa, «dagoena aprobetxatu eta ezagutaraztea, dibulgazio aldetik ere aukera ugari» eskaintzen baititu. Aurrerantzean ere zaindu egin beharko dute tokia. «Naturak berez bideak eta estaltzeko joera du, eta hori zaindu egin nahi dugu; baina jendea hara joatea lortzen badugu, mantentze lan hori berez egingo da».
Dibulgazio lan horri begira, Oianguko natura eta ondarea ezagutzeko hainbat irteera eta ibilbide gidatu egin dituzte iaztik hona. Altamirako putzura ere egin zuten irteera bat, iazko irailean, baina Garciaren arabera, «agian ez zen putzua bisitatzeko garairik onena». Hori dela eta, udaberrirako beste saio bat antolatzekotan gelditu ziren. Izan ere, garai honetan bete-betean ikusi ahal izango dira bai bertako flora eta baita fauna ere.
Ekintza hauek guztiak, «batez ere herri mailan» zabaldu dituzte, ordiziarrek herrian bertan zer nolako aberastasuna duten jakin dezaten. Hala ere, irteera hauek goierritar guztiei eta, orokorrean, nahi duten guztiei irekita daudela azaldu du.
Putzua eta fauna ezagutzeko irteera egingo dute etzi Altamirako putzua eta honen inguruko fauna hobeto ezagutzeko irteera antolatu dute larunbaterako. 10:30ean elkartuko dira Oianguko baserrian. Ion Garin Aranzadi zientzia elkarteko herpetologoa eta Iñaki Mezquita burruntzi eta sorgin-orratzetan aditua izango dira gidari lanak egin eta azalpenak emango dituztenak. Izena emateko, 943 46 61 42 telefono zenbakira deitu edo mezu bat bidali behar da idazkaritza@aranzadi.eus helbidera.