Legazpiarrek bakarkako lehen diskoa atera dute: "Elustondo". Martin Aginagalderenak dira kanta gehienak eta Kepa Junkerak eta Xabier Amurizak ere parte hartu dute, besteak beste.
Nolatan suertatu da lehen diskoa grabatzeko aukera?
Agurtzane Elustondo: Aspalditik genuen bakarkako disko bat grabatzeko gogoa, baina ez ginen horretara jartzen. Halako batean, Martin Aginagaldek deitu egin zidan eta bere abesti batzuk grabatzea proposatu zidan. Soinujole eta konpositore handia da. Guretzat ohorea da gutaz gogoratu izana. Begiratu zenbat ikasle izan dituen eta zenbat trikitilari dauden… Gainera, bultzada hau eman izan ez baligu, beharbada sekula ez genuke disko bat grabatuko.
Zer diozue diskoaz?
A.E: Hamalau abesti dira: zortzi Martinenak, bost herrikoiak eta bestea Kepa Junkerarena. Diskoa grabatu genuela jakin zuenean, parte hartu nahi zuela esan zigun. Aitonaren pasarte batzuk sartu ditugu abesti horretan. 89 urte zituenean grabatu zituzten, Elgoibarko Udalaren egitasmo baterako.
Norenak dira diskoko hitzak?
Jon Elustondo: Nerea Elustondok, Asier Iriondok eta Xabier Amurizak bina egin dituzte eta Jose Luis Padronek eta Natxo de Felipek, bana.
A.E: De Felipe estudioan azaldu zen eta fandango bati hitzak jartzea proposatu zuen. Fandangoak, normalean, ez dira abesten.
Luxuzko kolaboratzaileak dira.
A.E: Hala da. Zorionekoak gara. Gainera, Elkar diskoetxekoek askatasun osoa eman digute.
J.E: Guk erabaki dugu zein doinu jo eta zein hitz abestu. Gugan jarri duten konfiantza eskertzekoa da. Estudioan giro bikaina izan dugu, guztiak profesional bikainak eta pertsona jatorrak baitira.
Zer diozue hitzei buruz?
J.E: Denetik dago; existentziari buruzkoak, maitasunari buruzkoak, bereziagoak…
Legazpik presentzia handia du diskoan. Azaleko argazkia bertan atera duzue eta Elustondo, Iriondo eta Padron legazpiarrak dira.
A.E: Legazpik presentzia izatea nahi genuen, eta Xabier Barriolak ere parte hartu du. Argazkia, berriz, Gorka Salmeronek egin du.
J.E: Eta kantu batzuen izenburuetan Legazpiko hitzak erabili ditugu.
Azaleko argazkian Legazpiko sarrera ikus daiteke.
A.E: Kanpoan, askotan, Legazpiko sarrera zatarra dela esan digute. Baina ikono bat da, aztarna bat, eta bere balorea aitortu nahi izan diogu. Azal originala egin dugu. Lehen trikitilariak baserritarrez janzten ziren diskoen azalerako eta ez genuen hori nahi. Gainera, gure aitonak fundizioan lan egin zuen, eta gure aitak argazkian azaltzen den tokian. Bestalde, gure lanbideek ere burdinarekin zerikusia dute.
Nolatan zarete trikitilari?
A.E: Solfeoa ikasi nuen eta instrumentua hautatzeko garaia heldu zenean, soinua aukeratzeko asmoa nuen. Gurasoei trikitixa asko gustatzen zaie, amak soinu txikia jotzea proposatu zidan eta ondo iruditu zitzaidan. Oso gustura nago hartutako erabakiarekin. Asko gustatzen zaidan instrumentu bat da.
J.E: Ni arrebaren atzetik hasi nintzela uste dut. Etxean giro hori bizi genuen, baina, seguru aski, bera hasi izan ez balitz, ni ez nintzateke hasiko. Batak bestea ekarri zuela uste dut. Nire kasa hasi nintzen, Puxka Muxkak oparitu zuen plastikozko plater hegalariarekin. Ondoren, Urretxuko jostailu-denda batean, pandero txiki bat erosi nuen. Autodidakta naiz.
Zuk norekin ikasi zenuen, Agurtzane?
A.E: Orduan ez zeuden gaur egun bezainbeste irakasle eta Azkoitiara joan nintzen, Lajarengana. Ondoren, denengatik ikasi dut zer edo zer.
Lehen plaza gogoratzen al duzue?
A.E: Ikasten hasi eta gutxira Legazpiko Artzain Egunean jo genuen. Beharbada, lehen Artzain Eguna izango zen. Hamar bat urte genituen.
Hamaika plazatan jo duzue.
A.E: Bazkariak, afariak, kintoen festak, Perretxiko Eguna… Hasieran herri mailako ekitaldietan jotzeko deitzen ziguten. Ondoren, txapelketetara eta irratietara joaten hasi ginen eta disko partekatuak egin genituen. Orain, berriz, gure diskoa egiteko aukera suertatu da.
Zumarragan Oriatarrak Zumarragako Trikitixa dira. Legazpin, berriz, zuek zarete herriko trikitilari ofizialak.
A.E: Gu hasi ginenerako bazeuden trikitilariak: gure lehengusu bat, Mantxolako Manolo, Lakiolako Joakin eta Iñaki, Txintxoetxekoa… Dena den,Zumarragako Trikitixakoak ziren Legazpin gehien jotzen zutenak. Hori iruditzen zait niri, behintzat. Egun, gazte askok jotzen du.
Zer moduzko esperientzia da txapelketetakoa?
A.E: Nahiko ondo ibili ginen, eta txapelketa batzuk irabazi genituen. Gainera, azkeneko Txapelketa Nagusiko finalean parte hartu genuen, 1991n.
J.E: Nik ez nuen finalean jo. Agurtzanek Andoni Larrañagarekin jo zuen.
30 bat urte daramatzazue elkarrekin jotzen, eta hainbeste urteren ondoren hitz egiteko beharrik gabe ulertuko duzue elkar, dagoeneko.
A.E: Hala da. Begirada batekin nahikoa dugu. Hitz egin gabe, badakit Jon umore onez dagoen edo ez. Bera ere berehala konturatzen da egun ona dudan edo ez. Halakoetan, bestearen akatsak estaltzea tokatzen da.
Zer diozue batak besteaz?
J.E: Agurtzane teknikoki oso ona da eta, horretaz gain, sentimendu handia ematen dio instrumentuari. Dantzarako grina pizteko gaitasun berezia du.
A.E: Jonek panderoa oso ondo jotzen du eta abestu ere bai. Oso alaia da eta errekurtso asko ditu. Pandero-jole osoa da. Babes handia ematen du berarekin aritzeak.
Ez zarete oraindik bata besteaz aspertu.
J.E: Ez. Erabat honetara jarrita egongo bagina, nekagarriagoa izango zen. Baina bakoitzak bere lana du eta astean zehar gutxitan elkartzen gara entseatzeko. Normalean, jotzen duguna, plazan jotzen dugu.
A.E: Gainera, mundu hau asko gustatzen zaigu. Izan ere, zaila da lanarekin uztartzea eta batzuetan gogorra gerta daiteke. Bestalde, bikote bat koordinatzea talde bat koordinatzea baino errazagoa da.
Beste batzuekin jotzen al duzue?
A.E: Nik, Jonek ezin duenean, ez dut jotzen.
J.E: Ni batekin edo bestearekin joaten naiz, baina Agurtzanerekin jotzea dut gustukoen. Bera da hobeto ezagutzen dudana. Beste batek deitzen didanean, beti jartzen dut baldintza bezala Agurtzanerekin konpromisorik ez izatea. Agurtzaneri deitzen badiote, bestea uzten dut.
Zeintzuk dira zuen gustuko trikitilariak?
A.E: Bakoitzak bere berezitasuna du. Trikitilari asko gustatzen zaizkit, bai lehengoak eta bai oraingoak: Zumarragako Trikitixa, Sakabi, Laja, Martin, Maltzeta… Egun, eskolak direla eta, soinu-joleek elkarren antza handiagoa dute.
J.E: Egañazpi, Landakanda, Iturbide, Leturia… Kantuan, Zumarragako Trikitixakoak oso bereziak dira.