Txindokipe taldeak Goierri Ezagutzen II. Zikloturista Martxa antolatu du igande honetarako; iazko probaren bidetik, 300 bat lagun elkartzea espero dute. Goierrin barrena egiteko bi ibilbide antolatu dituzte.
Txirrindularitzak zale asko dituen tokia da Goierri. Errepidera atera besterik ez dago horretaz jabetzeko. Nonahi eta noiznahi ikusten dira bizikleta hartu eta kilometroak egiteko asmoz bide bazterrera ateratzen diren zaleak. Zaletasun horri bide emanez, Goierri ezagutarazteko balioko duen proba bat antolatu nahi zuen Txindokipe elkarteak, eta iaz egin zuten aurreneko Goierri Ezagutzen Zikloturista Martxa. Lehen proba hark harrera ona izan zuen, eta 400 bat lagunek parte hartu zuten. Aurten, bigarrengoz egingo dute. Igandean izango da, eta bi iblbide antolatu dituzte, bata 88 kilometrokoa eta bestea 127koa.
Lehen saioak izandako harrera onak bultzatu ditu antolatzaileak proba berriz egitera. Txindokipe taldeko Jon Mendizabalek azaldu duenez, «aurten ere Euskal Herri osotik antzeko txirrindu zale kopurua» etortzea espero dute. Martxaren helburu nagusia» Goierri ezagutaraztea» bada ere, bide batez «kirol ekintzak eta kiroltasuna bultzatzea» ere lortu nahi dutela dio Mendizabalek.
Martxa igandean abiatuko da, 08:00etan, Ordiziako herrigunetik. Parte hartu nahi duenak, aurrez eman dezake izena kirolprobak.com webgunean. Probaren inguruko informazio osoa, ordiziakozikloturistak.com atarian aurkitu daiteke. Dortsalak berriz, Ordiziako Sasoian eta Hernaniko Azken Kilometroa dendan jaso daitezke. Dortsala aurrez jaso ez dutenek, egunean bertan ere izango dute aukera. Martxa Txindokipe taldeak antolatu du, baina Ordiziako Txirrindulari Taldeak ere bat egingo du haiekin, antolakuntza lanetan laguntzeko.
Bi ibilbide
Zikloturista martxa hau, Goierriko hainbat herri eta mendatetan barrena ibiliko da. Horretarako, bi ibilbide antolatu dituzte, bakoitzak bere gaitasunen arabera parte hartu ahal izan dezan. Bi ibilbideetan motzenak 88 kilometro ditu, eta luzeenak berriz, 127. Hala, Ataungo Urkillaga, Olaberria, Atagoiti, Gabiria, Liernia, Zerain eta Ordizia pasako ditu 88 kilometroko ibilbideak. Ibilbide luzeak berriz, Alegia aldera jarraituko du, Orendainera igoaz; bueltan berriz, Lazkaomendi pasako dute, atzera Ordiziara itzuli aurretik.
Iazko ibilbidearen antzekoa izango bada ere, aldaketaren bat edo beste egin dute. Zale askoren ustez, proba gogorregia zela eta, Barbariko mendatea kentzea erabaki dute aurten.
Maider Gaztañaga triatelta omenduko dute
Igandeko martxarekin batera, txirrindularitzarekin harreman estua izan duen kirolari bat omenduko dute: Maider Gaztañaga triatleta. Kirol ibilbide oparoa du ordiziarrak, eta azken urteetan, palmares bikaina osatzea lortu du, Euskal Herriko proba nagusietan eta Estatu mailako hainbatetan gailenduz. Horregatik guztiagatik, omenaldia egingo diote bere jaioterrian, igandeko probaren aitzakian.
Txindokipe taldekoek azaldu dutenez, «kirolari guztientzat eredu» izan da Gaztañaga. Hala, «bere jarrera, indarra eta izakera dela eta, merezitako omenaldia» izango dela azpimarratu dute.
Maider Gaztañaga oso gaztetan hasi zen kirol munduan. 8 urterekin hasi zen Ordizian igeriketa ikasten. 13 zituela Izarrako (Araba) errendimendu handiko zentroan hasi zen, eta 16rekin AEBtara joan zen, Espainiako selekzioaren bidez lortutako beka batekin. 24 urterekin, igeriketa utzi eta Ordiziara itzuli zen.
2000. urtean hasi zen triatloietan parte hartzen, baina bi haurdunaldi tarteko, hainbat urtez kirol probak utzita egon zen. 2010eko hamarkadan ekin zion berriz lehiari, eta azken etapa honetan lortu ditu garaipenik garrantzitsuenak. Besteak beste, Euskal Herriko neguko triatloi txapelketa, Neguko Espainiako Txapelketa, Bilboko Triatloia edota Euskadiko Triatloi Olinpikoa daude bere palmareseko tituluen artean.