Haritz Artola: «Ez gara musikatik bizi eta abantaila da hori, nahi duguna egiten dugulako»
http://youtu.be/5vL1h_47Emc
Fiachras taldeak Amnesia eta argia, bere ibilbideko hirugarren diskoa atera du. Beste proiektu batzutan eskarmentua hartutako musikariek osatu zuten 2008an taldea. Hasieran ...
Goierriko Hitza
Goierri
Fiachras taldeak Amnesia eta argia, bere ibilbideko hirugarren diskoa atera du. Beste proiektu batzutan eskarmentua hartutako musikariek osatu zuten 2008an taldea. Hasieran folka eta doinu irlandarrak oinarri hartuta hasi baziren ere, pixkanaka rock doinuetara bueltatu dira. Haritz Artola Ataunen bizi den lazkaotarra da taldearen kantaria eta alma materra.Fiachras taldearen hirugarren diskoa duzue jada. Ba al dago aurrekoetatik alderik?
Disko honek ez du aurrekoen folk ikuturik; esan liteke formatu klasikora itzuli garela: bi gitarra, baxua eta bateria.
Beraz disko rockeroagoa egin nahi izan duzue.
Kontua da segituan nazkatzen garela, eta aldaketa bat nahi genuela. Lehen rockarekin nazkatu ginen, eta folka egiten hasi ginen, baina horrekin ere aspertu egin gara. Sartu ditugu pare bat kanta estilo horretakoak, baina gehiena rocka da. Gero honekin ere nazkatuko gara eta hurrengorako auskalo zer egiten dugun, Rap-a edo salsa edo… auskalo! (barrez).
Estiloz aldatzeko beldurrik ez duzue hortaz.
Beldurrik ez, baina gaitasunik ere ez… Hor mugitzen gara, folk-rocka edo rocka. Hortik aurrera ezin dugu aldaketa askorik egin. Heavy-a egiteko gai banintz gustura joko nuke talde batean, baina ni ez naiz gai musika hori ez jotzeko eta ezta abesteko ere. Orduan, dakiguna egiten dugu.
Eta kantuen hitzetan, ba al dago aldaketarik?
Hitzei dagokionean, denak, edo %95 liburuetatik ateratzen dut. Zeri kantatu bestela? Gai guztiak landuta daude eta ez da erraza zeri buruz idatzi asmatzea. Gai sozialak gehiegi landuta daude. Beti gai berdinen inguruko kritika berdinak egiteak aspertu egiten nau.
Hala ere, probokazio puntu bat beti mantendu izan duzue.
Bai, baina hori ere adinarekin gero eta gutxiago… Youtube ere hor dago, eta gaur egun dena grabatuta gelditzen da, eta hemendik 10 urtera zure seme-alabek hori ikusiko dutela jakinda… artaburuegia ere ezin izan.
Hitzak zuk egiten dituzu, baina kantuak ere bai? Nola izaten da abestiak egiteko prozesua?
Normalean etxean ateratzen ditut abestiak. Hitzak egin eta gero Aitorrek (Aldanondo) eta biok baseak prestatzen ditugu. Eta gero lokalera. Bergaran entseatzen dugu, gehienak hangoak dira eta. Oraingoan Txusek, beste gitarra joleak ere parte handiagoa izan du konposaketetan.
Grabaketa Beasainen egin duzue, beste lazkaotar batekin…
Bai, Fredi Pelaezekin grabatu dugu. Azkeneko diskoan teklatuak sartu zituen, eta bagenuen elkarrekin zerbait egiteko gogoa. Aurreko bi diskoak eta single-a Bonberenean grabatu ditugu, eta oraingoan, aldatzeagatik, Fredirekin egin dugu.
Dena oso ondo atera da. Oso tipo profesionala da. Guri handiegi eta dena gelditzen zaigu, ikusten zaio beste liga batean dagoela. Asko kontrolatzen du, eta dena erraz eta azkar egiten du. Eta ondo gainera!
Grabaketa prozesua nola joan da? Zenbat denbora behar izan duzue?
Azkar, oso azkar egin dugu. Tartean eten bat egon zen, Fredi kanpora joan zelako, baina bestela, denera astebete baino gutxiagoan egingo genuen.
Emaitzarekin gustora?
Bai, bai, oso gustora. Oso tipikoa da gure diskorik onena dela esatea, beraz ez dut esango (barrez). Baina oso ondo gelditu da, bai.
Orain aurkezpenekin hasiko zarete. Uda betea al dator?
Ba ez pentsa. Udara arte hiru kontzertu ditugu lotuta. Eta ez dugu gehiegi ere jo nahi. Gu oso inguru txikian mugitzen gara, batez ere Gipuzkoan, eta ez dugu leku beretsuan 10 kontzertu eman eta jendea nazkatzerik nahi. Nahiago dugu kontzertu gutxi batzuk eman, baina adibidez Tafallan (Nafa- rroa) edo urrutiko tokiren batean jo, beti hemen inguruan ibili baino. Hemen oso ikusita gaude.
Lehenengoa Bergaran egingo duzue, datorren larunbatean. Goierri aldean ba al duzue ezer lotuta?
Momentuz ez, urria aldera arte behintzat ez, baina egingo dugu batenbat.
Zer aurkituko du kontzertu horietako batera doan zaleak?
Diskoan bezala, zuzenekoetan ere estiloa aldatu egingo dugu. Pentsatzen ari gara aurreko errepertoriotik ia ezer ere ez jotzea. Baina gero nork daki, garagardo batzuekin eta jendeak eskatuz gero… Aspaldian jo gabeko abesti batzuk berreskuratu ditugu… ezberdina izango da.
Musikatik bizi dena, kontzertuetan egiten duenaren menpe dago eta ez du beste erremediorik. Nik ez dut imajinatzen Sutagar bat Jo ta Ke abestia jo gabe, baina horiek hortik bizi dira. Gu ez, eta hori, zentzu horretan abantaila bat da, nahi duguna egiten dugulako.
Aurreko bi diskoak Interneten daude, doan jaisteko moduan. Zuen filosofiaren parte al da?
Egia esan, gai honetaz gutxien dakienari galdetu diozu. Baina niregatik balitz, dena libre, nahi duenak jaitsi dezala. Gaur egun CDrik ere ez da saltzen. Guk saltzen duguna kontzertuetan egiten dugu, lagunek eta jarraitzaileek han erosten dute.
Azkenaldian kontzertuetan bertan saltzeko formula hori bueltatzen ari da, ezta?
Batzuentzat agian berria izango da, baina guk betidanik egin dugu horrela. Gaur egun, musika talde batek edo asko jotzen du, edo ez du zereginik. Ze inork ez du CDrik erosten. Nik bai, 40 urte ditudalako eta teknologiaz ideiarik ez dudalako. Baina 20 urteko bat ez dut imajinatu ere egiten disko bat erosten. Ez da logikoa ere, debalde izanda…
Eta hori jakinda ere, diskoa ateratzea erabaki duzue…
Hori harrotasun kontua da. Niretzako, besterik ez bada. Bizi guztian horrela ikusi dut, eta nik egiten dudan guztia formato fisiko batean aterako da, nahiz ta ez saldu, ze nik musika horrela ulertzen dut, disko batean.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.