Martina Maizen ondarea
Beasaingo Martina Maiz alargun gelditu zenean, 1882an, herriko gaixo behartsuenentzako ospitalea eta kapera egin zituen. Beasaingo Andre Mari elizako bueltako kanpai handia ere ...
Beasaingo Martina Maiz alargun gelditu zenean, 1882an, herriko gaixo behartsuenentzako ospitalea eta kapera egin zituen. Beasaingo Andre Mari elizako bueltako kanpai handia ere oparitu zion Beasaini 1892an.
Herrietako kale izendegietan ez da emakumezkoen izen askorik izaten. Beasainen bada bat, Martina Maiz izenekoa. Josetxo Zufiaurrek Beasaingo Paperak bildumaren barruan argitaratutako Beasaingo kale-izenen historia liburuan agertzen denez, Martina Maiz Bagazgoitia Beasainen jaio zen 1820an, Andre Mari kaleko Etxeberria etxean, gaur egun liburutegia eta musika eskola dauden eraikinean.
Bost ahizpetan gazteena zen Martina. Bere ahizpetako bat, Inaxi Anttoni, Huescako (Espainia) Jose Julian Blanc Argelosekin ezkondu zen. Ezkondu eta urtebetera, 21 urte zituela, ordea, Inaxi Anttoni hil egin zen. Orduan, Martina, bere koinatuarekin ezkondu zen Bergaran (Gipuzkoa). 1877an alargun gelditu zen; seme-alabarik ez zuen izan bikoteak.
Beasainekin lotura
Beasainekin lotura izan zuen Martina Maizek eta bere eskuzabaltasunaren aztarnak ikus daitezke herrian. Batetik, Beasaingo parrokiari bueltako kanpai handia oparitu zion, 1892an. Gaztelerazko testuan ondorengo esaldia jartzen du Zufiaurrek bildutakoaren arabera: «Kanpai hau 1892. urtean ordaindu eta ipini zuten hemen. Loinazko San Martinen oparia Martina Maiz Andreak egina».
Ospitalea
Beasaini egindako ekarpenik handiena, dena den, 1881 eta 1882 urteetan, garai bateko Arangoiti baserriaren lursailetan, herriko gaixo behartsuenentzako ospitalea eta kapera egitea izan zen. Urte batzuk geroago, J. Migel Iturriotz alkate zela, ospitaleari solairu bat gehiago egin zioten eta kutsatuen egoitza ere eraiki zuten.
1881-1882an, herriko gaixo behartsuenentzako ospitalea eta kapera egin zituen
Maizek egindako testamentuan, bera hil ondoren Ospitaleko Fundazioa sortzeko agintzen zuen. Zehaztapen gehiago ere ematen zituen: «Ospitalea eta kapera, San Joseri eskainia egongo zen beti, eta beraien ardura inoiz ez zen udal edo herri erakundeen esku geratuko. Fundazioa desegingo balitz, Beasain bere barruan hartzen zuen elizbarrutiaren esku geratuko litzateke. Ospitalearen garapenaz eta administrazioaz Behartsuen Lakaimeak arduratuko dira beti».
Maizek azken urteak Donostian egin zituen, Aieteko La Cumbre landetxean. Gerora, Francoren ministroen udako etxe eta Gipuzkoako Gobernadore Zibilaren egoitza izan den etxe berean.