Ekainaren 14an 28. Eskola Txikien Festa jasoko du Gabiriako Balentzategi Herri Eskolak. Eskola Txikiek herri txikiak bizirik mantentzeko duten garrantzia aldarrikatuko dute, Eskola Txikiak Bizirik lemapean. 1991. urtean ere jaso zuen festa hau Gabiriako eskolak, eta aurtengoa izango du bigarren aldia. Gabiriara igotzeko autobus zerbitzua jarriko dute Irizarko errotondatik. Autoek baimen berezia beharko dute igotzeko.
Egitaraua prest dute dagoeneko. 10:30ean egingo dute festaren aurkezken ekitaldia. Ondoren, lau gune ezberdinetan banatuta egingo dituzte ekintzak. Bi gunetan, herriko hainbat lanbide ezagutzera emango dituzte: perragintza, abarkagintza, gaztagintza, buztingintza eta lorezaintza. Bola jokoan eta tokan aritzeko aukera ere izango da, baita aurpegia margotzekoa eta txapak egitekoa ere. Ikasleak gunez gune joango dira.
Arratsaldean zirkoa, apar festa eta Salda Badago
Bazkaria 14:00etan izango da. Aurrez izena eman dutenek karpan bazkalduko dute. Dena den, ogitartekoak eta plater konbinatuak jateko aukera izango da, eta bazkaria etxetik ekartzen dutenentzat mahaiak jarriko dituzte.
Arratsaldean jarraituko du jaiak. Zirkabareta zirko ikuskizuna egingo dute pilotalekuan, eta jarraian apar festa egingo dute. Fetari amaiera emateko berriz, Salda Badago taldearen kontzertua izango da plazan.
Bizirik jarraitzeko prest
Gaur goizean egin dute ekainaren 14ko festaren aurkezpena, eskolako haurrekin batera. Momentu honetan 38 ikasle ditu Balentzategi Herri Eskolan, lau gelatan banatuta. Datozen urteetan kopuru hori jaistea espero badute ere, Ane Miren Aizpuru zuzendaria baikor agertu da: “Mendea betea duen eraikuntza sendo eta bereziari bizia ematen jarraitzeko prest gaude. Gutxi izan arren, elkarren artean hezitzaile eta herriarentzat bizigarri izan behar dugu”.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.