Larunbatean Azpeitian Banakako Urrezko Aizkorako finala jokatuko du Aitzol Atutxa bizkaitarraren eta Donato Larretxea nafarraren aurka.
Iñaki Azurmendi arriarandarrak Azpeitian jokatuko du larunbatean Banakako Urrezko Aizkora txapelketako finala.
Iñaki Azurmendi arriarandar aizkolariak (Beasain, 1972) maiatzaren 23an lortu zuen Banakako Urrezko Aizkorako finaleko lekua izatea, Ander Erasuni Azkoitian (Gipuzkoa) irabazita. Aitzol Atutxa bizkaitarra eta Donato Larretxea nafarra izango ditu aurkari. Finalean egin beharreko lana beste bi aizkolarientzat egokiago dela uste badu ere, esperantzarik galdu gabe, ezustekoa emateko prest joango da larunbatean Azpeitira. Larunbatean, 18:30ean hasita, Izarraitz pilotalekuan dute hitzordua hiru aizkolariek eta zaleek.
Zer moduzko momentuan iritsi zara Banakako Urrezko Aizkorako finalera?
Ondo aurkitzen naiz, duela hilabete espero nuena baino hobeto. Pasa den astean bi entrenamendu serio egin nituen eta gustura nago, baina plazan egin behar da gero. Kexatzeko arrazoirik ez daukat.
Aitzol Atutxa bizkaitarrarekin eta Donato Larretxearekin batera jardungo zara finalean. Hiru belaunalditako aizkolariak ariko zarete.
Bai, Larretxea da beteranoena, Atutxa gazteena eta ni tartean nago. Bestetik, Euskal Herriko txapelduna, Atutxa, eta txapeldunordea, ni neu, gaude finalean. Larretxea ere maila onean dago. Nik uste dut final polita ateratzeko aukera dagoela.
Egin beharreko lana egokia al da zuretzat?
Beraientzako beharbada lan egokiagoa da, niretzat hobea baita segidako lana izatea. Lau lan egin beharko ditugu. Lehenengo zatian lan motzak: bat, 35 kolpetan egur bat ebakitzea, bestea, egur bat denbora gutxienean ebakitzea, eta azkena, bi enbor azkarrago nork ebaki. Bukaeran izango da lan luzea; zortzi enbor ebakitzea. Etenetan ondo errekuperatzen dut nik baina nahiago dut segidako lana izango balitz. Lehenengo zatian ea ez didaten alde handirik ateratzen!
Lehenengo lan horietan eustea duzu orduan helburu.
Bai, hori da. Egurrak normalak badira, lan motzetan alde handiegirik ez da aterako. Nik uste dut, lan motzetan minutu erdi barruan joango garela, nola eta aizkorarik ez den hausten edo bestelako arazorik ez den sortzen. Minutu erdiaren barruan bukatuz gero ondo, lan luzean galdutakoa berreskuratzeko.
Zure ustez abantaila dute beraz aurkariek.
Bai, hobeto modaltzen dira. Lehenengo lanetan diferentzia handiegirik ez da egoten, baina segundoak pilatzen joaten dira. Espero dut lan motzetan alde handiegirik ez ateratzea.
Nor jotzen duzu faborito finalean?
Nik faborito Aitzol Atutxa jarriko nuke. Larretxea, nik uste dut lan luzean kexatuko dela. Baina zu ezustekoa ematera joango zara. Bai, saiatzera joango naiz. Ni beti joaten naiz nire lana ahalik eta ondoen egitera, eta nik uste dut nire lana ondo egiten badut, ez naizela txapeletik urruti ibiliko. Momentu onean nago, igandeko entrenamendu luzean ere ondo sentitu nintzen. Esperantza ez da galtzen.
Banakako Urrezko Aizkora bukatutakoan zer asmo duzu?
Uztailaren 26an Gipuzkoako aizkora txapelketa jokatuko da. Abuztuan beste Urrezko Kopa bat ere izango da eta irailean Euskal Herriko txapelketa hasiko da. Urriaren 12an izango da finala Basaurin (Bizkaia).
Euskal Herrikoa al duzu helburu nagusia?
Bai, Gipuzkoako txapelketarako ere ondo egon nahi dut baina Euskal Herrikoari begira ari naiz prestakuntza guztia egiten.
Larunbateko finaleko aurkarietako bat Aitzol Atutxa izanda, iazko Beasaingo Euskal Herriko txapelketako arantza ateratzeko balioko al dizu?
Saiatu egingo gara, baina lana desberdina da. Arantza udazkeneko Euskal Herriko txapelketan atera beharko dut. Nire helburu nagusia Euskal Herriko txapelketara ondo iristea da.
Igandean Alazne Etxaburuaren ondoan izango da
Igandean Zizurkilen (Gipuzkoa), 12:00etan, Nekola baserriaren ondoko zelaian, apustu historikoa jokatuko dute Alazne Etxaburuak eta Irati Astondoak. Aizkoran 45 ontzako lau enbor ebaki beharko dituzte, eta segidan, segan ordubeteko saioa egin beharko dute. Iñaki Azurmendi Alazne Etxaburuaren aizkora irakaslea izan da eta ondoan izango du igandean. «Ikasteko bost hilabete ez da asko, baina saiatu gara. Polita izango da igandeko apustua, bi emakume lehengo aldiz arituko dira eta apustu batean», dio arriarandarrak. 2.000 euro jarriko ditu alde bakoitzak.