Legazpiko Latxartegi parkea garbitu dute Haztegi Ikastolako DBHko gaztetxoek. Astebetean garbitu gabe egon eta gero, lurrean zein zaborrontzietan zeuden hondakinak jaso, eta alderatu egin dituzte. Behin lana amaituta, parkean bertan ikusgai ipini dute jasotakoa; astebetean han utziko dute legazpiarrak sentsibilizatu daitezen.
Legazpiko Udalak orain lau bat urte ekin zion egitasmora batu dira aurten Haztegiko ikasleak. Ikastolan Aste Solidarioa ospatzen ari dira eta ekintzen artean kale garbiketa sartu dute. Atzo goizean ikasleen ordezkariek garbitu zuten Latxartegi eta arratsaldez Legazpiko beste hainbat puntu gorritan ikasle denak elkartu ziren garbiketa egiteko; Mirandaola, Urtatzazar, futbol zelaia eta jolas parkeak dira puntu gorriak.
Xabier Arrondo kale garbitzailea etsita agertu zen: «Baliteke orain garbiketa egiten ari direnak arratsaldean kalea zikintzen egotea. Egoerak okerrera egin du, egunero garbiketa egiten ari garenok ondo dakigu».
Gaztetxoek zorroak eta beste hondakinak lurrera botatzeko arrazoi nagusia «alferkeria» dela diote; «badakigu zer egin behar den baina ez dugu egiten, ohitura falta ere bada». Halako ekintzek gogoeta egiten laguntzen dietela gehitu du beste gaztetxo batek, «nahiz eta agian zaborrak lurrera botatzen» jarraituko duten.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.