Eguerdian izango da Karobin, sindikatuek deituta eta 18:30ean Lazkaon, EH Bilduk deituta
Olaberriako Karobi industriagunean dago Ogei enpresa / Mikel Albisu
Laneko istripu larria gertatu zen, atzo, Olaberrian. Karobi industrialdeko Ogei enpresan langile bat hil zen, eguerdiko hamabiak aldean, lanean ari zen bitartean metalezko pieza bat gainera erorita. Istripuaren lekuan bertan hil zen. Lazkaotarra zen langilea, 54 urteko Iñaki Lasa.
Istripua gertatu ondoren, ordezkaritza judiziala 13:00ak aldera iritsi zen Ogei lantokira, gorpua jasotzeko. Donostiako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman zuten langilearen hilotza, autopsia egiteko.
Osalanek eta Segurtasun Sailak ikerketa hasi zuten atzo bertan, istripuaren arrazoia baloratzeko. Ez zuten aurrerapenik eman. Antza denez, lanean zerabilten altzairuzko pieza batek kolpatuta galdu du bizia.
Ogei enpresak obretarako igogailuak, karga jasotzaileak eta pertsona jasotzaileak ekoizten ditu. Bi sail ditu Ogei Taldeak: Ogei Construccion, eraikuntzako jasotzaileak eta hormigoi-makinak egiteko; eta Ogei Industrial, enpresei jasoketa aplikazio pertsonalizatuak eta neurrira egiteko. 1980an sortu zuten enpresa, hogei langilerekin (hortik datorkio izena). Masa egiteko makinak egiten hasi ziren, eta eraikuntzaren sektorean zabalkunde handia izan zuen, Espainian. Ondoren, karga-jasotzaileen eta altxatzaileen alorrean berezitu zen.
Istripua salatu dute
Euskal Herrian atzo lan munduan gertatu zen heriotza bakarra ez zen izan Olaberrikoa. Turtziozen (Bizkaia) 50 urteko beste langile bat zendu zen, gidatzen ari zen hondeamakina irauli eta gainera etorrita.
Sindikatuek berehala salatu zuten Olaberrian hildako langilearen istripua, Goierrin. LABek langilearen «familiari, lankideei, lagunei eta gertuko guztiei» elkartasuna adierazi die. Hein berean, osasuna galtzea eta lan istripuak ez direla «lanaren ezaugarriak» gogorarazi du. «Lan eredu jakin baten emaitza ankerra baizik. Ekidin zitekeen ondorioa, baina batzuen utzikeriak eta besteen diru irabazi gehiago izateko asmoak, langileok kondenatzen gaituzte».
Ogei enpresan ez dago langileen enpresa batzorderik, ezta afiliazio sindikalik ere. Edonola ere, ELAk eta LABek biharko elkarretaratzea deitu dute. Eguerdiko 12:00etarako egin dute hitzordua Karobi industrialdeko sarrerako biribilgunean.
CCOOk ere istripua salatu du eta «lan arriskuen prebentziorako neurrien kontzientzia faltari» egotzi dio gertaturikoa. Bat egin dute ELA eta LABen elkarretaratzearekin.