Bihar amaituko da Ehunmiliaken izena emateko epea
Azken txanpan sartuta dago ia Ehunmiliak, eta ordu gutxi barru itxiko dute izena emateko epea. Bihar, ekainak 4, izango da azken eguna. Kirolprobak webgunean eman behar da izena hiru probetarako: Ehunmiliak, Goierriko Bi Handiak eta Mari Murumendi Maratoia.
Dagoeneko Goirriko Bi Handiak proban bete da parte hartzaile kopurua, 500 korrikalari, eta itxaron zerrenda ere jarri dute. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, “izena emanda dauden korrikalariak baja ematen doazen heinean antolakuntza itxaron zerrenda horretako kideei deitzen joango da izena emandako ordena jarraituz. Eta behin deia jaso ondoren, itxaron zerrendako korrikalariek egun bateko epea izango dute izen emate hori egiaztatzeko”.
Ehunmiliak probarako 271 korrikalarik eman dute izena, eta parte hartzaile muga 500ean dago. MMM probarako, berriz, 250 korrikalari da gehienezko muga, eta 144 parte hartzailek eman dute izena. Beraz, bai proba luzerako eta bai proba berrirako badago oraindik izena emateko aukera.
Uztailaren 10etik 12ra
Aurtengo Ehunmiliak eta G2H probak egiten diren seigarren urtea izango da, MMM lehen aldiz egingo da. Uztailaren 10ean irtengo dira EHMko korrikalariak Beasaingo plazatik, 18:00etan, eta lehen korrikalaria 23 orduren bueltan iritsiko dela aurreikusten da, larunbatean, 17:00ak inguruan.
G2H probako korrikalariak ere uztailaren 10ean irtengo dira, 23:00etan, eta lehen korrikalariak larunbatean, 11:00ak aldera, iritsiko dira helmugara. MMM proba igandean, uztailak 12, izango da, 09:00etan hasita. Lau orduten bueltan bukatu du proba lehen korrikalariak.
Ehunmiliak probak Gipuzkoako hiru eskualde zeharkatzen ditu, eta Aralar eta Aizkorri-Aratz parke naturalak. 168 kilometroko proba da, eta desnibel positiboa 11000 metrokoa. G2H probak ere Aralar eta Aizkorri-Aratz zeharkatzen ditu, 88 kilometroko luzeera du eta 6000 metroko desnibela. MMM maratoia 42 kilometro da luze eta desnibela 2300 metrokoa da.