Igandean izango da Igartzako jauregian, 09:30ean hasita. Denboraldi baterako adingabeko haur bat etxean hartzen duten familiak dira harrera familiak.
![Gipuzkoako Foru Aldundiaren harrera progra](http://goierri.hitza.eus/site/files/2015/06/Aldundiaren_harrera_progra.jpg)
Gipuzkoako Foru Aldundiaren harrera progra
Beroa elkartea 1999. urtean sortu zen harrera familiei nahiz harreran hartuko diren haurrei eta gazteei prozesu horretan laguntzeko. Hainbat ekintza antolatzen ditu elkarteak, bai formazio eta aholkularitza aldetik, bai harrera familiak elkar ezagutzeko eta esperientziak trukatzeko. Helburu horrekin, datorren igandean V. Elkarbizitza Jardunaldia egingo dute Beasainen. 09:30ean elkartuko dira harrera familiak eta 10:00etan Pilar Feijook hitzaldia egingo du,
Harreragilearen autozaintza gaiari buruz. Bazkariarekin amaituko dute jardunaldia.
Hainbat harrera familia mota
Hainbat arrazoi tarteko, badira jatorrizko familiarekin bizi ezin duten haurrak.
Harrera Familien Programari esker, haur horiei familia baten maitasuna eta laguntza ematen zaie. Gipuzkoan 300 harrera familiatik gora daude.
Gipuzkoan 500 adingabe daude beren familia biologikoetatik banatuta, eta horietatik erdiak edo bakarrik daude familietan. Gainerakoak harrera pisuetan daude, ez dagoelako nahikoa familia. Haur horiek aldi baterako hartuko dituzten familiak bilatzea da, beraz, programa kudeatzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburua.
Beroa elkarteko Martinek argitu duenez, «ez da adopzio bat, aldi baterako neurria da, azken helburua adingabea bere etxera itzultzea baita, jatorrizko familiak bere arazoak konpondu dituenean». Martinen esanetan, edozein pertsona edo familia izan daiteke harrera familia. «Gainera, harrera egiteko hainbat modu dago», azpimarratu du.
- Harrera familia programak denboraldi luze baterako haurra etxean hartzen ditu.
- Izeba programarekin, berriz, asteburuetan eta oporraldietan hartzen dituzte adingabeak. «Haur batzuk, adinagatik, beharbada ez daude prestatuta beste familia batera joateko baina Izeba programak balio dezake oporrak eta asteburuak familia giroan pasatzeko».
- Larrialdiko harrerak ere badaude, «gehienez sei hilabeteko harrera izaten da, normalean haurtxoak izaten dira».
- Harrera profesionalizatuen aukera ere badago, profesionalei zuzendua. «Langabezian dauden psikologo, pedagogo, gizarte hezitzaile eta maisuek profesionalki egin dezakete lan hori».