Hemendik aurrera logo hori erabiliko du udaleko parekidetasun sailak.
![Koldo Telleria berak aurkeztutako logoarekin. / Segurako Udala](http://goierri.hitza.eus/site/files/2015/06/logo-koldo-telleria-andueza.jpg)
Koldo Telleria berak aurkeztutako logoarekin. / Segurako Udala
Segurako Udalak parekidetasun sailarentzako logo lehiaketa antolatu zuen apirilean, udalaren
I. Berdintasun Planaren barruan. Joan den astean amaitu zen logoak aurkezteko epea, eta
Koldo Telleria segurarrak irabazi du. 200 euroko saria jaso du, eta aurrerantzean logo hori erabiliko du Segurako Udaleko parekidetasun sailak, antolatzen edo babesten dituen ekintza guztietako euskarrietan.
Telleriak aurkeztutako logoa bisualki
identifikatzeko erraza dela adierazi du Estibaliz Ripa zeharkako gaietako teknikariak. Bestalde, dokumentuetan txertatzeko ere aproposa da, eta hori ere baloratu du epaimahaiak.
Bederatzi lan aurkeztu dituzte
Guztira sei lagunek parte hartu dute lehiaketan (bi emakume eta lau gizonezko), eta bederatzi lan aurkeztu dituzte. Ostiralean egin zuen epaimahaiak aukeraketa. “Jasotako lan gehienak kalitate handikoak izan dira, eta balorazio positiboa egiten dugu”, adierazi du Ripak.