Altzagako Olagiko sagardoa Gipuzkoako lehiaketako finalera sartu da
Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen Gipuzkoako XIV. Sagardo Lehiaketaren finala larunbatean izango da. Sei sagardotegitako edariek lortu dute finalean izatea, eta tartean da Altzagako Olagikoa. Donostiako Euskal Gastronomiaren Elkartean egingo dute dastaketa, larunbatean 12:00etatik aurrera.
Olagiz gain, honako bost sagardoak sartu dira finalera: Aburuza (Aduna), Altzueta (Hernani), Begiristain (Ikaztegieta), Gartziategi (Astigarraga) eta Gaztañaga (Andoain). Sei finalistetatik lau iaz ere txapelaren azken lehian ibili ziren.
Aurten 17 herritako 35 sagardotegik aurkeztu dituzte beren edariak aldundiaren sagardo lehiaketara. Lehiakide bakoitzaren sagardo laginak sagardotegietako upeletik edo barrikatik zuzenean hartu zituzten. Lehiaketara aurkeztu ahal izateko, 200.000 litro sagardo baino gehiago ekoizten dituzten sagardotegiek bost upel beterik eduki behar dituzte, eta gutxiago ekoizten dutenek, gutxienez hiru upel. Sagardogile bakoitzak aukeratu zuen zein upeletako edaria aurkeztu nahi zuen.
Sagardoen 15 parametro neurtu dituzte, baina analitika fasean lau bakarrik hartu dituzte kontuan: azidotasun lurrunkorra (2,2 g/l baino txikiagoa, azido azetikotan adierazia), estraktu lehorra (14 g/l gutxienez, guztira, azukrerik gabe), metanola (200 mg/l baino gutxiago) eta glukosa-fruktosa (5 g/l edo gutxiago).
“Sagardogilearen elaborazio lana baloratzea eta botilatutako sagardoaren kalitatea saritzea dira lehiaketaren helburuak, bai ikuspegi organoleptikotik, bai analitikotik aztertuta”, azaldu du aldundiak.
Epaimahaia honako adituek osatuko dute: Juan Zuriarrain kimikoa, Fernando Vadillo enologoa, Agurtzane Andueza kimikoa, Guillermo Castaños biokimikoa eta enologoa, Xabier Kamio enologoa eta Irati Amondarain enologoa.
Lehenengo saria 3.000 euro, garaikurra eta txapela da. Bigarrenak 1.500 euro eta garaikurra jasoko ditu, eta hirugarrenak 1.000 euro eta garaikurra.