Beasain eta Sant Vicenç dels Horts, anaitze bidean
Herrialde Katalanetako Sant Vivenç dels Horts herriko castellerrak Beasainen egon dira azken bi urteetan, Gure Esku Dagok gonbidatuta, eta uztailean beasaindarrak Kataluniara joango dira. Bi herrien arteko anaitzearen lehen pausoa da. Honen berri zabalagoa, biharko Hitzan izango duzue.
Albistea Udalak eta Gure Esku Dagok eman dute, beraien arteko elkarlanaren berri emateko antolatu dute prentsaurrekoan. Bertan, ekainaren 21ean hiriburuetan egingo diren ekitaldietan parte hartzera deitu dute. Donostian, 12:00etan, oihal katea egingo dute. Urumea ibaia inguratzen duten zubiak elkartuko dituzte. Egun osoan, Alde Zaharrean eta Anoetan, ekitaldiak egongo dira. Arratsaldean, 17:30ean, ekitaldi erraldoia egongo da Anoeta estadioan. Sarrerak dagoeneko salgai daude Basakana, Arrano, Plazape, Tti-tta, Batzoki, Irizar eta Antzizar tabernetan. 14 urtetik gorakoek 10 euro ordaindu behar dute, 14 urte azpikoek 5 euro eta 2 urte azpikoak doan sartuko dira. Dena den, azken hauek ere sarrera hartu behar dute.
Bestalde, beasaindarrek ekainaren 21erako boluntarioak behar dituztela esan dute: oihalez arduratuko diren 24 lagun. Protagonismo berezia izango dute estadioko ekitaldian. Anoetako estadio txikian egongo diren txosnetarako beste 20 lagun behar dituzte. Beasaindarrei hilaren 21eko ekitaldietan Gure Esku Dagoren kamiseta soinean dutela parte hartzeko deialdia luzatu diete. Kamisetak ostiralero salduko dituzte, 18:00etatik aurrera, Zubimuzu plazan.