'Bihotzero' lehen eleberria aurkeztu du Maider Agirre Gurrutxagak
Maider Agirre Gurrutxagak (Beasain, 1974) bere lehen eleberria aurkeztu du gaur Donostian, Bihotzero. Autoeditatutako liburua da, “linbotik” idatzitakoa. “Bizitzaren eta pasioaren fruitua da liburu hau; hortik idatzi nuen. Eta izerdiz eta pasioz argitaratutakoa da”. 155 orrialde ditu, eta liburuaren atzealdean hainbat fitxa jasotzen ditu. Gaurko aurkezpenean Joxerra Garzia eta Idoia Beratarbide ilustratzailea izan ditu lagun. Bihar ostirala Igartza Jauregian aurkeztuko du, 18:30ean, Garzia bera ondoan duela. Liburua Beasaingo Mirentxu liburudendan eta Arteka dendan egongo da salgai.
“Liburuak argitaletxeekin lotzen ditugu. Baina norberak editatuak direnak linbokoak omen dira; horixe zioen orain gutxi asko miresten dudan nire belaunaldiko idazle batek. Horregatik, nire liburua neronek argitaratua delako, linbotik idazten dizuet”, dio idazlearen aurkezpen gutunak. Agirre Euskal Filologian lizentziatua da, eta Hizkuntza, Informazioa eta Komunikazioan masterra egina. Gaur-gaurko Beasaingo Udaleko kultur teknikaria da.
HURRENGO AURKEZPENAK Bihar, hilak 5, 18:30. Igartza Jauregia. Beasain. Joxerra Garziarekin Etzi, hilak 6, 18:00. Garoa Kultur Lab liburu-denda. Donostia. Idoia Beratarbiderekin Ekainak 10, 19:00. Zelai Arizti kultur etxea. Zumarraga Ekainak 11, 19:30. Mikelazulo. Errenteria. Idoia Beratarbiderekin Ekainak 16, 19:00. Kultur etxea. Tolosa. Joxerra Garziarekin Ekainak 17, 19:00. Kulturaten. Arrasate