Gereziek koloreztatutako feria
Iragarpenek esandakoa baino lanbrotsuago eta tristeago joan zen goiza, atzokoan, gerezi kolore eta zaporeak gozatu zutela esan genezak. Zainzuriek gereziei utzi die tokia Hamabi hilabete, hamabi produktu Delikatuzek bultzatutako kanpainan. Kanpoko frutak saltzen dituztenen postuetan kilo asko ziren salgai eta plaza barnean astez aste berariaz jartzen den postuaren ardura atzo Maribi fruta etxeak zuen. Fouad aritu zen saltzaile lanetan. “Hauek Etxaurikoak dira, izugarri gozoak probatzea besterik ez duzu” zioen eta ez zitzaion arrazoirik falta (3,60 euroan kiloa). Gainerakoan Milagrokoak, Zaragozako Riclakoak, Caceresko Jerte bailarakoak, Errioxakoak… salgai dira 3 eta 5 euro artean. Hemengoak berriz Gabiriko Oñatibi Txikiko Mirenek zituen aukeran.
Koloreekin segiz, zerba edo azelgak aipatu behar. Apaingarri moduan ikusi ohi dira lorategietan, jateko Monteseko Arantxa Iparragirrerenn postuan zeuden, euroan sorta salgai. Hasi berri diren kuiatxo eta berenjena edo oberginiekin batera.
Iaz ekaineko lehen ferian ekarri zituzten hemengo lehen lekak, aurten datorren astean ekartzeko esperantza agertu du Anoetako Maria Teresa Jauregik. “Asto belarria” izenez ezagutzen den uraza berria Baliarraingo Edurne Jauregik ekarri zuen: “Guk ez ezik txoriek ere gustoko dute” zioen irripartsu itxurari begira.
Espezietarako joera gutxi Espezie gisa erabiltzeko mihilu belarra ekarri zuen Arantxa Zurutuzak. Anis gustoa du belar honek, eta apioa bezalaxe bi mota daude: erraboiladuna edo hostoa soilik. Ez bata eta ez bestea ez dira hain erabiliak Ordiziako ohiko bezeroen artean “oso jende jakinak erosten du”. Bietan gutxiena, gainera, erreboiladuna saltzen da. Era berean, aukeran dira astero: mendafina, zilantroa edo albaka besteak beste.Ez da ziza urtea Ziza eskasiak ere harritzen du jendea, aurten hemengo gutxi eta kanpotik ere ezer asko ez. Atzo 70 kilo izango ziren eta Mikel Lasak bakarrik saldu zituen, onddo eta zizahori batzurekin batera. Denboraldia aurrera doa eta ez da bestelako joeraren trazik ikusten.