Oroimenaren Txokoa jarriko dute Zegamako hilerrian / Aimar Maiz
Gerra hasita zegoen. 1936ko abuztuaren 8a zen, eta Joxe Urbizu Berasategi zegamarra Altsasura (Nafarroa) joana zen, bizikletan. Martin Urbizu aitaren berri jakin nahi zuen, erreketeek eraman zutenetik ez baitzekiten etxean haren berririk. Ez zekiten aita egun bat lehenago hil zietela ere, Etzegarateko errebuelta txikian (Idiazabal). Hiltzaile talde berarekin topo egin zuen Joxek; aitarengana eramango zutela agindu, eta semea ere buruan tiro bat sartuta akabatu zuten.
Zegamako Arizti-Erdi baserrian jaioa zen Joxe Urbizu, 1916an. Bederatzi senide ziren. 20 urte zeuzkan hil zutenean. Urbasako leizezulo batera bota zuten gero, eraildako gehiagorekin batera. Han egon da urtetan.
2013ko martxoaren 20an atera zituzten hamar pertsonaren hezurrak, eta haietako bat Joxe Urbizu zela ebatzi dute analisi genetikoek. Igandean itzuliko da Zegamara, aitaren bila irten zenetik 79 urte geroago.
Urbizuren ondorengoek bultzatuta, ekitaldi instituzional batekin aitortza egingo diote igandean, 11:00etan, Zegamako udaletxean. Aranzadi Zientzia Elkarteak gorpuzkinak familiari emango dizkio, eta familiak udalari, «herriratzearen irudikapen bezala», azaldu du Zigor Etxeburua familiartekoak.
Aitortza publikoa izan nahi du, 1936ko gerran fusilatuekiko erakundeek errekonozimendua egiteko hitzordua. Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak ere gonbidatu dituzte.
Hilerrian, oroitarri berezia
Udaletxeko ekitaldia bukatu ondoren, oinez hilerrira igoko dira partaideak, Urbizuren hezurrak han uzteko. Udaletxetik irteterakoan, Ordiziako eta Zegamako txirrindulari elkarteek arkua egingo diote. «Joxe txirrinduzalea zen. Ordiziako Txapel Gorri taldean ibili izan zen», dio Etxeburuak.
Zegamako hilerrian Oroimenaren Txokoa izeneko oroitarria altxatuko dute, eta bertan utziko dituzte Joxe Urbizuren hezurrak. Zegamako Udalak atzo onartu zuen gune berezi hori sortzea, osoko bilkuran. «Ez da Joxeren hezurrak jasotzeko bakarrik izango, baizik aurrerantzean ager daitezkeen beste batzuenak jasotzeko ere bai. Nolabait, zegamar errepresaliatuez eta fusilatuez oroitzeko txokoa izango da», dio Etxeburuak.
Atzo arratsaldean oraindik jartzeko zegoen monolitoa. Oinarria prestatuta zegoen, San Bartolome baselizaren goialdera geratzen den hilerri zatian.
Aita, Etzegaraten lurpean
Hain zuzen, Joxe Urbizuren aita —Martin Urbizu Otaño— da beste zegamar errepresaliatu bat. Fusilatu egin zuten hura ere, eta bide bazterrean sartu. Familiak badaki non dagoen lurperatuta, baina orain arte ez dute erantzun positiborik jaso ateratzeko egin dituzten eskariek. «Dakiguna da Etzegaraten dagoela. Errebuelta txikian akabatu zuten, eta langile batzuek eta herriko batzuek han lurperatu zuten; tartean, bere anaia batek».
Etzegarateko errepidea zabaltzeko obra ugariek ingurua asko aldatu dute. Tokia zein den badakite, hala ere. Behar dutena, erakundeen aldetik laguntzeko konpromisoa da. «Familia saiatu izan da gorpua berreskuratzen. Bide horretan, berriz ere Idiazabalgo Udalarekin harremanetan jarri gara, idazki bat aurkeztuta. 1979an hasi ginen gorpuzkinak ateratzeko saiakerekin, baina ez dugu lortu», dio Etxeburuak.