Oroimen historikoari buruzko hitzaldia izango da, eta 'Errepublika eta altxamendu militarra Legorretan' gaia jorratuko du
Legorretan oroimen historikoari buruzko hitzaldia izango da, gaur. Mikel Gerriko Urretabizkaia historialariak (Legorreta, 1982)
Errepublika eta altxamendu militarra Legorretan gaia jorratuko du. Udaletxeko areto nagusian da, 19:00etan.
Legorreta Oroimen Historikoa taldeak 2013an ekin zion 1931-1978 epeari buruzko testigantzak jasotzeari. Hainbat herritar elkarrizketatu dituzte, eta apirilaren 18an aurkeztutako
Hurrengo geltokia dokumentalean bildu. Ildo berean kokatua da Gerrikoren gaurko hitzaldia. Errepublika garaia, gerra eta ondorena landuko du, 1931tik 1942rako epea.
Legorreta da gaiaren gunea. Aurrena, Errepublikan herria nolakoa zen azalduko du. «Hiru hauteskundeen emaitzak azalduko ditugu. Baita zer mugimendu politiko nagusi zeuden ere: tradizionalistak edo karlistak, EAJ eta Frente Popularra. Bakoitzak bere egoitza zeukan, eta non zeuden argituko dugu. Zer ekintza edo aktibitate egiten zuten ere bai. Bereziki Batzokian, besteen informazio gutxi dago eta», dio Gerrikok.
Hitzaldiaren bigarren atala gerrak hartuko du. Altxamendu militarra izan zenean, Legorretan sortu zuten Herriko Defentsa Batzordea nortzuk osatu zuten eta zer egin zuten zehaztuko du, jarraian. «Batzorde horrek gehien bat armak errekisatu zituen, atxiloketa batzuk egin eta goardiak antolatu zituen».
Tropen sarrera, abuztuan
1936ko abuztuaren 4-5 inguruan sartu ziren tropa frankistak Legorretan: Sakanako erreketeak —Barandalla taldekoak— eta falangista batzuk ziren. Tirorik gabe hartu zuten herria, ordurako Errepublikaren aldeko defentsa mendi gainetara eramanda zegoelako: Gaintza-Baliarrain-Orendain lerrora eta Aldabara, Oriaren ibarraren bi aldeetan.
Gertaerak izan ziren, ordea. Errepublikanoek utzitako janariak udalak tabernei banatu zizkien, eta haiek erreketeei saldu ondoren. Noren hornigaiak ziren jakin zutenean, iskanbila sortu zuten erreketeek. Epaiketak ere izan ziren.
Orain arte landu gabeko gaia izan da Legorretan ere 1936ko gerrarena. «Inork ez du egin lehen, hau da aurreneko lana», gogoratu du Gerrikok, Oroimen Historikoaren taldearen emaitzaz. Dagoeneko gerran borrokatu zuten legorretarrik ez dago bizirik. «Iturria gudarien eta milizianoen seme-alabak izan dira. Haiek eman dizkigute datuak». Bibliografiatik eta agiritegietatik ere atera dituzte informazioak.
Hala, gerran Euskal Armadan ibili ziren legorretar asko identifikatu dituzte, 35 bat lagun. «Bakoitza zein batailoitakoa eta alderdi politikotakoa zen ere badaukagu. Baita Francoren alde zein mobilizatu zuten ere, bai soldadutza bidez, bai errekete boluntarioak. Falangistarik ez dugu identifikatu». Zerrenda horiek erakutsiko ditu, hitzaldian.
Datu batzuk zuzendu ahal izan dituzte, ikerketan. Hildako legorretar kopurua, adibidez: bat gudaritan, sei frankistetan.