Ordiziako Martinez jatetxeak 125 urte bete ditu eta merezitako omenaldia jaso dute .Gizartearen beharretara egokitu eta zerbitzu ezberdinak eskaini izan dituzte
Ordiziako tabernarik ezagunenetakoa da Martinez jatetxea. «Betiko taberna» askorentzat. Ordiziarrek oso maitea dute, baina baita goierritar askok ere, feria dela eta, askoren topagune eta hizketarako txoko bihurtu delako. Haren ateen atzean, ordea, historia luzea dago, 125 urte eta familia bereko 4 belaunaldiren historia.
Urteurren borobil hori ospatzeko, Ordiziako Udalak merezitako omenaldia egin zion atzo Martinez familiari. Bertan izan ziren taberna hainbat urtez gobernatu duen Kontxita Telleria eta haren seme-alabak, tartean Xabier Martinez sukaldaria, egun taberna eta jatetxea daramatzana. Aurreskua, lore eskaintza eta herriaren esker ona irudikatzen duen plaka eman zizkioten familiari. Igor Eguren jarduneko alkateak, plakan jasotako bertsoa ere kantatu zion erabat hunkituta agertu zen Kontxita Telleriari.
Jose Martin Martinezek zabaldu zuen taberna 1890ean, Fonda Urdaneta de Martinez izenarekin. «Garai hartan sukaldari ez, baino posadero» deitzen zitzaiela azaldu du Xabier Martinez, sortzailearen birloba eta egungo jabea denak. Haren ondoren, «gure aitonak, Gregorio Martinezek hartu zuen, eta bera izan zen obra egin eta gaur egun dagoen bezala utzi zuena». Haien atzetik etorri zen hirugarren belaunaldia, Jose Martin Martinezek eta Kontxita Telleriak osatutako bikotearena. Gaur egun, familiako laugarren belaunaldia ordezkatzen duen Xabier Martinez sukaldariak darama lekukoa. Bere hitzetan, «belaunaldi bakoitzak bere ideiak izan ditu eta bere ikutua eman dio, baina azkenean garrantzitsuena da etxe honek aurrera jarraitzen duela».
Garai berrietara egokituz
Negozio batek ez du 125 urteko ibilbidea egiten unean uneko gizartearen beharretara egokitzen ez bada. Eta hori izan da Martinez etxeak egin duena. Xabier Martinezek azaldu duenez, «taberna eta jatetxea betidanik» izan da, baina beste gauza asko ere eskaini izan dituzte. «Hasieran ardoa saltzen eta ultramarinos moduan hasi zen, txorizoak eta… Inguruetako lehen motordun kotxea ekarri zen, eta garraio edo taxi zerbitzua ere izan zuten; gasolina ere saltzen zen, sifoiak, izotza… denetarik». Zenbait urtez logelak ere izan zituzten goiko pisuan. Askorentzat pasoko lekua ere bazen, eta behar zuten guztia aurkitzen zuten bertan. Hala, gizartearen ohiturak aldatu egiten direla eta «haietara egokitzen jakin» egin behar dela azaldu du, «gure gurasoek eta aitonak egin zuten bezala».
Xabier Martinez. Sukaldaria:
«Belaunaldi bakoitzak bere ideiak izan ditu eta bere ikutua eman dio,
baina azkenean garrantzitsuena da etxe honek aurrera jarraitzen duela».
Ohitura horietako bat, Ordizian oso sustraitua dagoena, asteazkenetako feriarena da. Era berean, Martinez jatetxean ere lan gehien izaten duten egunetako bat da. Izan ere, Goierri osotik etorritako jendea elkartzen da bertan, zerbait edan, pintxo bat jan edota bazkaltzeko. Xabier Martinezek azaldu duenez, «guk beti esaten dugu Ordizian asteburuak hiru egun dituela, baina zatituta. Asteazkena oso garrantzitsua da guretzat, eta gure historiaren parte ere badira asteazkenak. Gu ere asko markatu gaitu».
Tabernaren eta bere aurreko belaunaldien historia eta ondarea mantentzea «oso garrantzitsua» dela uste du Martinezek. Hala, jatetxeko traste zaharren artean benetako altxorrak topatu izan ditu. Tartean, «mende hasierako dokumentuak eta fakturak gordetzen zituen kutxa bat». Duela 70 urteko ospakizun bateko menua eta prezioak ere badaude horien artean. Hori dena bildu, txukundu eta forma eman nahiko lioke, «baina horretarako denbora behar da».