Enpresa horretako pilotariek Antzizarren egingo dituzte entrenamenduak, aurrerantzean
Andramendi ikastolak urteroko pilota jaialdia antolatu du. Bihar, ostirala (ekainak 5), 22:00etan hasiko da, Beasaingo Antzizar kiroldegian. Sarrera 15 euro da. Aurrez (gaur eta bihar egunean zehar) Antzizar kiroldegian erosten dituenak, sarrera bakoitzeko beste gonbidapen bat opari jasoko du. Gainontzean, ostiralean 21:00etan zabalduko dute leihatila.
Asegarce enpresako zortzi pilotarik jokatuko dute, binaka, bi partidatan. Euskal Telebistak zuzenean emango du jaialdia, ETB1 katetik. Lehenbizi, Arretxe II.a-Iturriaga eta Tainta-Begino ariko dira. Partida nagusian, ondoren, Urrutikoetxea-Ladis Galartza eta Idoate-Untoria.
Pilota jaialdia aurkeztu duten kideak, gaur, Antzizarren: Etor Mendia (Asegarceren ordezkaria), Aitor Larburu (jarduneko zinegotzia), Arkaitz Goikoetxea (Murumendi pilota eskola) eta Juanjo Lasa (Andramendi ikastola)./Aimar Maiz
Beasaingo Udalak, Beasaingo Kirol Fundazioaren bitartez, hitzarmen bat sinatu du Asegarce enpresarekin. Aurrerantzean, enpresa horretako pilotariek Antzizar kiroldegian egingo dituzte entrenamenduak. Bertako instalazioak, kirol teknifikazio zentroa, frontoia eta uretako eremua erabiliko dute, Etor Mendia prestatzaile fisiko lazkaotarraren aginduetara. Asegarceren pilotari gipuzkoarren prestakuntzarekin hasi zen Mendia, baina gaur egun beste herrialdeetakoak ere baditu taldean, hauek: Aimar Olaizola, Jon Ander Albisu, Iñaki Artola, Mikel Olaetxea, Asier Arteaga (aurki debutatuko du profesionaletan), Ladis Galartza eta Begino.
Beasaingo Udaleko jarduneko zinegotzi Aitor Larburuk eta Murumendi Pilota Eskolako arduradun Arkaitz Goikoetxeak onuragarri jo dute hitzarmena, pilota Beasainen eta inguruan indartzeko aukera izango delako, bai ostiraleko jaialdia, bai Asegarcerekin egingo den lankidetza.