Veronica Huerto (Mutriku, 1983) sexologoa eta psikologoa da. Lantzen dituen gaien artean hilekoarena dago. Hitzaldiak egiten ditu eta andreen zikloaren gainean dauden hainbat mito apurtu ere bai. Beasain emango du hitzaldia ekainaren 6an, Irriargi elkarteak antolatuta.
Hilekoa, fisiologikoki, nola azalduko zenuke?
Obulutegitik askatutako obulua ez bada ernaltzen, umetokian bildutako odolezko muki-mintza kanporatzeari deitzen diogu hilekoa. Hilekoa ziklo bat da. Odol hori askatu eta gero, umetokiko pareta loditzen hasten da, paretak hazten jarraitzen du eta desagertzen hasten da odol-jarioa eragiteraino.
Prozesua ez da batzuetan hain era naturalean bizitzen…
Bai, harrigarria da. Opari baliotsua dela esango nuke, bizitzaren odola baita, baina opari gisa hartu baino zigor moduan bizi ohi dugu. Zikina dela barneratuta daukagu, ezkutatu egin behar den zerbait dela barneratuta daukagu eta minari eutsi behar diogula ere bai. Nire ustez, hilekoaren zikloa beste era batera bizitzen ikasi behar dugu, ulertu egin behar dugu.
Ulertzeko giltzarik?
Aurretik esan bezala, emakumeon zikloa ez da lineala, ziklikoa da eta lau fase ditu. Lehenengo fasea obulazioaren aurrekoa da, bigarrena obulazioa bera, hirugarrena hilekoaren aurreko fasea eta, azkenik, hilekoa izaten dugun egunak daude. Zikloa bestela ere banatu daiteke.
Nola?
Garai emankorra eta barneratze garaiak bizi ditugu.
Zeri deitzen diozu garai emankorra?
Obulazio aurreko eta obulazio bitarteko fasea da. Obulazioan ematen den estrogeno maila igoerak garuneko ezkerreko hemisferioaren jarduna igotzen du: emakumezkoak emankorragoak dira eta sortzeko gaitasun gehiago dute bizitzaren arlo guztietan, andre askok desio erotiko gehiago sentitzen dute, berriketarako isuri gehiago daukate, pentsamendu logikoa areagotzen da eta, oro har, energia gehiago sentitzen dugu.
Barneratze fasea ifrentzua al da?
Bai, nolabait. Obulazioaren eta hilekoa etortzen den bitarteko garaia da. Progesterona hormonaren bitartez umetokia ernaldutako obulua jasotzeko prestatzen da. Eskuin hemisferioa aktibatzen da gehiago eta ezkerra moteldu. Garuneko eskuin aldea intuizioari zuzenean lotzen zaio. Fase honetan gorputzaren erritmoa jaisten da eta lasaitasun beharrean egoten da. Amets gehiago izaten ditugu eta grafikoagoak izan ohi dira. Esan liteke zikloaren tarte honetan ez garela horren produktiboak, baina gizarteak ez du halakorik onartzen eta aurrera berdin-berdin egiteko eskatzen zaigu.
Emakumeon zikloak naturarekin harreman estua al du?
Bai, harreman intimo hori bultzatu beharko genukeela uste dut, askotan gure esentzia ziklikoa dela eta naturaren zikloekin bat datorrela ahaztu egiten zaigu. Esate baterako, emakumezko askoren hilekoek ilargiaren lau faseekin bat egiten dute. Hilekoa: ilargi berrian. Obulazio aurrekoa: ilgoran. Obulazioa: ilargi betean. Hilekoaren aurrekoa: ilbeheran. Fase bakoitzean bizipenak, jarrerak, sentimenduak eta sentsazioak ez dira berberak. Fase bakoitza modu ezberdinean bizi dugu. Esan liteke lau emakume ditugula gure barruan.
Hilekoak mina eta gorputzaldi eskasa eragin ahal ditu. Nola egin aurre?
Egun horietan komeni da erlaxatzeko infusioak hartzea bizigarriak hartu baino. Sabelean masajetxoak egiteak laguntzen du, olio erlaxagarriekin. Tanpoien erabilera gutxitu eta odol-jario naturala bultzatzea komeni da; orain, aukera ekologikoak ere badaude (hileko-kopa, tanpoi eta konpresa ekologikoak…). Janzterakoan arropa solteak eta kotoizkoak erabiltzea onuragarria da. Jarduera fisikoa egiteak laguntzen du. Masturbazioa praktikatzea ona da orgasmoaren ondoren giharrak lasaitzen direlako.
Oro har, lasaitasunak lagunduko digu.