Ordizia Rugby Elkarteko bigarren taldeak liga eta igoerako play offa irabazi ditu aurten, baina mailari uko egitea erabaki dute. Egindako lanarekin gustura, taldea entrenatzeari utziko dio Javi Perlinesek.
Liga txapelketa ez ezik, play off-ak ere irabazi egin dituzue. Sekulako denboraldia egin du taldeak.
Bigarren taldearen zeregina jokalariak prestatzea dela, gero lehen taldera igotzeko. Hori da helburu nagusia, lehen taldea ahalik eta bertako jokalari gehienekin osatzea. Eta beste asmorik gabe hasi genuen denboraldia, baina partidak aurrera zihoazen heinean, beste zerbait egiteko aukera ikusi genuen. Horregatik liga irabaztea jarri genuen jomugan, eta anbizio handiarekin aritu gara, defentsan lan handia eginez; eta azkenean, kontrako puntu gutxien jaso dituen taldea izan gara. Behin helburua finkatuta, sari potoloaren bila joatea erabaki genuen, liga ez ezik, play offak ere irabaztea; gero igotzen zaren edo ez beste kontu bat da.
Beste taldeen gainetik nabarmendu egin zarete.
Egia da bai. Agian liga hau txiki xamar gelditu zaigu. Pare bat talde zeuden antzeko mailakoak, eta horien kontra ere alde handiarekin irabazi dugu etxean; eta beste taldeekin zer esanik ez. Mutil hauek kalitate handia dute eta ezingo diegu denbora askoan maila horretan egoteko eskatu. Baina hori, beste faktore batzuen baitan dago.
Azkenean, Ohorezko B Mailari uko egitea erabaki duzue. Zer da, kontu ekonomikoengatik?
Alde ekonomikoa ere hor dago, baina hori baino gehiago izan da lehen lerroko jokalarien falta. Hirugarren talde bat ateratzea exijitzen dute, eta maila horretan horrek jokalari kopuru on bat eskatzen du. Kontuan izanda batzuk batzuk lehen taldearekin ariko direla, eta hauek ere mailaz igo ezkero… ondo konpetitzea zaila da. Epe laburrean egin beharko den zerbait da, baina egia da oraindik goizegi dela. Agian pare bat urtean edo taldea igotzeko moduan izango da.
Helburuak bete eta garaipena ospatu ondoren, erabaki gogorra izango zen ezta? Bai jokalarientzat eta baita zuretzat ere.
Bai, niretzat gogorra izan da, baina azkenean, nahi edo ez, ikusten duzu zer datorren. Baina batez ere jokalarientzat, oso gogorra izan da, lortu duten guztia lortu eta gero. Urte osoan lanean gogor aritu dira, eta batzuk lesionatuta ere ez dizute hutsik egiten. Hori entrenatzaile batentzat sekulakoa da. Gogo horrekin eta duten mailarekin, haiengatik balitz ez lukete inongo arazorik izango goiko mailan jokatzeko.
Eta datorren denboraldiari begira, zein izango da taldearen helburua?
Nik uste berriz ere liga irabaztera atera behar dela. Gainera, txapelduna izanda, beste guztiek gainditu nahiko duten taldea izango da. Eta egia da horrelako lorpen bat egin eta igo ez diren talde askorentzat, urte txarrak izaten direla; horregatik helburu nagusia taldea batuta eta sendo mantentzea izango da.
Zuk zeuk ez duzu taldean jarraituko.
Beste gauza batzuk egiteko gogoa dut, familiarekin gehiago egon, gustuko zerbait ikasi… Klubetik gertu jarraituko dut, eta beti egongo naiz edozertan laguntzeko prest, baina maila honetan aritzeak dedikazio bat eskatzen du, entrenamenduak, asteburuetan partidak… Gainera mutilak esku honetan daude Josebarekin [Otamendi].
Klubak ere aldaketa ugari izan ditu azken urteotan. Nola ikusten duzu egungo egoera?
Oraindik trantsizio egoera batean gaude. Kontua da oso urte onak izan ditugula eta denbora gutxian bi titulu garrantzitsu etorri direla. Horretara ohitu gara, baina ezin dugu ahaztu lehen mailara duela 10 urte igo ginela, eta 10 urtean bi titulu lortu direla. Gainera, talde hartako jokalari garrantzitsu asko erretiratu egin dira, eta erreleboa hartu dutenek denbora bat behar dute. Pixkanaka taldea egiten ari da eta beste urte bat edo bi ere beharko dira. Nik uste Santosekin [Regil] oso pazientzia gutxi izan dela; bapatean eta hain azkar kentzea… niretzako goizegi zen. Horregatik diot trantsizioan gaudela, baina badirudi denek ez dutela hori asumitu. Ematen du kanpoko jokalariak ekarrita tituluak lortu behar dituzula, baina etxeko jokalariak ere egin egin behar dira. Eta talde sendo bat osatu.
Lehen taldeak ere entrenatzaile berria izango du. Zer asmorekin dator?
Oraindik ezin dugu detaile askorik eman, Australiatik datorrela eta berarekin batera hiru bat jokalari ekarriko dituela bakarrik. Gero ikusi beharko da taldera eta hemengo jendera zer moduz egokitzen diren. Eta tituluak lortzen ez badira ere, borroka horretan sartzea polita da. Nik uste pare bat urte behintzat eman beharko zaizkiola.
Urteotan harrobiaren aldeko apustua ere egin izan da.
Dudarik gabe, eta urte hauetako emaitzak, aurretik harrobian egin den lanaren emaitza dira. Ohorezko Mailako taldeak duen oihartzunari esker gazte gehiago etortzen dira, eskolekin lan handia egin da, eta gazte taldeak mugitzen saiatzen gara, Iparraldera eraman… Asteburuan oso torneo polita izango dugu, eta Iparraldeko eta Frantziako talde ugari datoz. Umeentzat ere, izen handiko taldeen kontra jokatzea garrantzitsua da, eta bide batez asko ikasten dute, eta errespetu bat ere irabazten dute, ze orain gure gazteek jokatu egiten dute, maila ona dute.
Haurrugby eta Udarugby, harrobia lantzeko
Ordizia Rugby Elkarteak sorreratik egin du harrobiaren aldeko lana. Azken urteetan, ordea, gaztetxoei begira gero eta aukera gehiago zabaldu dituzte. Haurrugby torneoa eta Udarugby udalekuak dira horietako batzuk; aurrenekoa gainera, asteburuan jokatuko dute.
Klubeko talderik gazteenei nazioarteko beste talde batzuekin lehiaketzeko aukera ematen die Haurrugby torneoak. Aurten XI. edizioa jokatuko dute, eta Euskal Herriko, Frantziako, Espainiako eta Herrialde Katalanetako 17 talde ariko dira lehian, denak ere 14 urtez azpikoak. Talde horietako asko Ipar Euskal Herritik etorritakoak izango dira, tartean Biarritz Olympique, Hasparren, Larressore, Hendaia edota Angelukoak. Hegoaldekoen artean berriz, Bera-Bera, Durango-Elorrio edota Bilboko Universitario taldeak egongo dira.
Larunbat honetan jokatuko dute torneoa, Beasaingo Loinaz zelaian eta Ordiziako Altamiran. 10:00etan hasiko dira lehen kanporaketak. 13:15ean aperitifa edo mokadutxoa egingo dute. Ondoren, 16:00etan, finalak jokatuko dituzte Altamiran. Bukaeran, talde guztietako jokalariak elkatu eta sari banaketa eta hirugarren denbora egingo dituzte, 18:30etik aurrera.
Udarugby
Bestalde, errugbia eta aisialdia lotuz, 2010. urtetik hona egiten den Udarugby udaleku irekien deialdia zabaldu du klubak. Ekainaren 22tik uztailaren 17ra egingo dute, eta 2003 eta 2007 urteen artean jaiotako neska-mutilek eman dezakete izena, ekainaren 13a baino lehen.
Udako egonaldi hauen oinarria errugbia bada ere, beste hainbat aktibitate egiten dituzte gaztetxoek, hala nola, irteerak egin, beste kirol batzuk praktikatu, eta euskara eta ingelera landu. Kokalekua Altamirako instalazioetan izango dute, eta aktibitate gehienak, OREko jokalariek gidatutakoak izango dira.