Altzagako Olagi sagardotegia, aldundiaren sariko finalisten artean
Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko sagardorik onenak aukeratzeko XIV. lehiaketa egin du asteburuan. Sei finalista izan dira lehian, eta aurten, Fraisoroko dasta-paneleko kideek osatu dute epaimahaia. Astigarragako Gartziategi sagardotegiak jaso du lehen saria. Haren atzetik gelditu dira Altzueta eta Gaztañaga sagardotegiak, bigarren eta hirugarren postuan, hurrenez hurren.
Finalisten artean zegoen Altzagako Olagi sagardotegia ere. Lehen postuetan sailkatu ez bada ere, aldundiaren diploma jaso du, gainontzeko finalistekin batera. Foru Aldundiak azaldu duenez, aurten Gipuzkoako 17 herritako 35 sagardogilek parte hartu dute lehiaketan, iaz baino 5 ekoizle gehiagok. Lehiaketa honekin, “sagardoaren elaborazio lana balioetsi eta botilatutako sagardoaren kalitatea saritu” nahi izan dute.