Arriarango aizkolariak lan luzean atera dio aldea Aitzol Atutxari, eta lehen aldiz jantzi du Urrezko Aizkolarien txapela.
Iñaki Azurmendi Arriarango aizkolariak Banakako Urrezko Aizkoraren txapela irabazi zuen joan den larunbatean Azpeitian, aurrenekoz. Azurmendik Aitzol Atutxa egungo Euskal Herriko txapelduna eta Donato Larretxea zituen aurkari, eta ia bi minutuko aldearekin hartu zuen mendean Atutxa bizkaitarra. Gakoa egur txikietan egongo zela esan zuen finalaren bezperan Azurmendik, eta halaxe gertatu zen. Lan luzera denbora berarekin iritsi ziren Azurmendi eta Atutxa, eta lan luzean hobeto aritu zen beasaindarra. Azurmendik 30 minutu eta 3 segundoan osatu zuen lana, Atutxak 31:58an eta 35 minutuan Donato Larretxeak.
Azurmendi “gustura” dago orain arte lortu gabeko txapela jantzi ahal izan duelako. Lan luzeko bigarren oinbikoan Atutxa kateatu egin zen, eta Azurmendiren esanetan, hortik aurrera “etsi antzean” sumatu zuela bizkaitarra. Txapel hau irabazita, erakustaldi batzuk egingo ditu datozen asteetan, eta uztailaren 26ko Gipuzkoako Aizkolari Txapelketarako prestatuko da.