Beasaingo gurasoak eta ikasleak LOMCEren kontra elkartu dira
Beasaingo hainbat ikastetxetako gurasoak eta ikasleak LOMCE legearen kontra elkartu dira, iluntzean Beasainen egindako elkarretaratzean.Murumendi ikastetxeko gurasoek egindako deialdiari, Alkartasuna Lizeokoak eta Andramendi Ikastolakoak ere batu zaizkie, “LOMCErik EZ” zioen pankartaren atzean.
Gaur 3. mailako diagnosi proba egitekoak ziren Beasaingo Murumendi ikastetxean, baina bertako gurasoek uko egin diote froga horri. Hala, umeak ez dituzte eskolara bidali, eta azterketak iraun duen denboran, jolasean aritu dira Ezkiaga auzoko pilotalekuan. Gurasoetako batek azaldu duenez, «gure beldurra da LOMCE datorren ikasturtean jarriko dutela martxan eta azterketa hau LOMCEren prestaketa dela».
Aurretik Ordiziako Jakintza ikastetxeko gurasoek hartutako bide bera hartu dute. Beasaingo ikastetxeko gurasoek aitortu dutenez, «guretzat garrantzitsua izan da aurrekari hori edukitzea. Erraztu egin digu bidea eta eredu ona izan da guretzat».